GARA Euskal Herriko egunkaria
ARRAUNA

Orio eta Urdaibai izan dira azkarrenak Hondarribian

Oriotarrak Arraun Lagunak baino hobeto moldatu dira poparean eta bost puntuko abantaila adierazgarria hartu dute sailkapen nagusian. Bermeotarrek ederki zukutu dute laugarren kale bikaina nagusitasunez irabazi eta Hondarribiari presioa sartzeko.

Nadeth Agirre, txapela buruan duela, Hondarribiko ikurrina astintzen. (Maialen ANDRES | FOKU)

Orio, Euskotren Ligan, eta Urdaibai, Eusko Label Ligan, izan ziren azkarrenak atzo Hondarribiko uretan. Mendebaldeko haizetxoarekin eta kanpoaldean uste baino olatu handiagoekin, nabarmen laugarren kaletik aurrenekora markatzen zuena, ikuskizun ederra eskaini zuten traineruek. Oriok lehen kaletik bereganatu zuen bandera, baina gizonezkoetan laugarren kaletik joan ziren ontziek irabazi zituzten hiru txandak: Ondarroak, Getariak eta Urdaibaik.

Popareko lanaren garrantzia, eta istriborretik sartzen zen baga ongi baliatzearena, argi geratu zen lehen unetik. Izan ere, Arraun Lagunak aurretik ibili zen joaneko luzean, baina poparean Orio askoz hobeto moldatu zen eta azkenean bost segundoko aldea egon zen bien artean. Eta bi oilarren arteko lehian bakarrik ez, atzeko Donostiarraren eta Tolosaldearen artekoan ere antzekoa gertatu zen: donostiarrak bi segundo aurretik ziren ziabogan, baina itzuleran tolosarrek sekulako erakustaldia eman zuten.

«Brankaz ez dugu asmatu, baina bueltan olatu bakoitzari jotzen saiatu gara eta aurrea hartu dugu. Olatuak gure lehen kalera edo zero kalera markatzen zuen, eta hori aprobetxatzen saiatu gara ziabogatik zabal aterata. Kanpoaldean itsasoa mugitu xamar dago eta ongi moldatu gara hor», aipatu zuen Nadeth Agirre Orioko patroiak.

LAUGARREN KALEA

Gizonezkoen Eusko Label Ligan, Urdaibaik Ligako hirugarren garaipena lortu zuen, Galizian lortu zituen bi haien ondorenetik lehena -tartean Euskadiko Txapelketa ere irabazi zuten Lekeition-. Bermeotarrak hasieratik amaierara nagusitu ziren atzo erabakigarria izan zen laugarren kaletik.

Aurrez beste bi txandetan gertatu zen moduan, lehen ziabogaren ondorengo aurreneko metroetan hautsi zuen estropada ontzi bizkaitarrak. Ziabogan Donostiarrarekiko aldea segundo bakarrekoa bazen, eta hirukoa Hondarribia nahiz Oriorekiko, denbora oso gutxian tarte horiek biderkatu egin ziren, eta bigarren maniobrara iristerako tarteak sei, zazpi eta hamaika segundokoak ziren jada.

Azken bi luzeetan, Gorka Aranberrik eta bere mutilek gozatzeko aukera izan zuten, eta puntu batetik aurrera agian gaurko estropadan pentsatzen hasteko beta ere bai. Hondarribia ez zen urrun ibili, zazpi segundora mantendu zen ia beti, eta bigarren postua eta sailkapen nagusiko lidergoa ziurtatu zituen. Eta Donostiarrak ere hirugarren postua salbatu zuen.

«Emaitzak aldekoak ez direnean insistitu egin behar da. Bi aldiz postea jota geunden, eta gaur [atzo] azkenean gola sartu dugu. Kaleak ere lagundu digu, bazen garaia horrekin ere zorte handirik ez dugulako izan, eta ikusten da hemen detaile txikiena ere garrantzitsua dela irabazi ahal izateko», aipatu zuen Gorka Aranberrik.

Eta beste albiste nagusia Getariaren laugarren postua izan zen, Oriori aurrea hartuz. Etxeko estropadan, ontzia harrobiko arraunlariz beteta, ohorezko txandan irtengo da.