GARA Euskal Herriko egunkaria
ARRAUNA

Ondarroaren ezustekoa etxean eta Orioren aukerak Liga irabazteko

Erakustaldia eman du Ondarroak, lehen txandatik, baldintza hobeak baliatuz. Urdaibaik, hirugarren izanda, lidergoa sendotu du. Oriok Arraun Lagunakek baino puntu bat gehiago behar du Liga lortzeko.

Iñigo Larrinaga Ondarroako patroia, poz-pozik, etxeko ikurrina eskuratuta. (Aritz LOIOLA FOKU)

Hankaz gora jarri zuen Ondarroak herria. Etxean jokatutako estropadan sekulako garaipena lortu zuen “Antiguako Ama” ontziak, lehen txandatik, estropadarako baldintza onenak aprobetxatuz. Beheko postuak ekiditeko borroka horretan dabiltza bizkaitarrak, eta poztasun pixka bat behar zuten ondarroarrek.

Euskotren Ligan, berriz, zortzi puntuko aldea behar du Oriok asteburu honetan txapeldun izateko, eta Arraun Lagunak baino bat gehiago falta zaio helburu horretan, Ondarroan irabazi ostean.

ONDARROA NAGUSI ETXEAN.

Jakina zen 18.30 aldera itsasoaren baldintzak gogorragoak izango zirela. Hori eta estropada eremua bikain ezagutzen duela aprobetxatuta, Ondarroa garaipenaren bila abiatu zen lehen paladatik. Eta ez zuen hutsik egin! Kontrako aldean Santurtziren egoera dago, goitik beherantz egin baitzuen.

Lehen luzean hiru traineru aritu ziren bi segundoren tartean, Cabok segundo batzuk galduta. Baina lehen ziaboga pasatu ostean dena aldatu zen. Ondarroa lider jarrita, hirugarren luzean sei segundo zeuden etxekoaren eta beste hiru ontzien artean, eta Cabo, nabarmen behetik gorantz eginda, bigarren ipini zen.

Galiziarrak izan ziren, hain zuzen ere, Ondarroaren aurkari nagusiak azken luzean -eta estropadaren globalean ikusi zenez-. Bi segundora ipini zen Cabo, baina momenturen batean bi traineruen arraunak gehiegi gerturatu ziren, bakoitza bere kalera joan zen arte. Bizkaitarrek eutsi egin zioten lehen postuari. Santurtzik Aresen aurretik sartzea lortu zuen, eta azkenean bosgarren eta seigarren izan ziren, hurrenez hurren.

OHOREZKO TXANDA: NAHI, BAINA EZIN.

Ligako onenak zergatik diren erakutsi nahi izan zuten lau ontziek. Lehen ziabogan, Urdaibai nabarmen aurretik zela, lehen txandako Ondarroaren marka onena hobetu zuen -ez, ordea, Santurtzirena, txanda horretan lehena pasatu baitzen-. Baina ez zuten erritmoa mantendu, joan-etorrian alde handia nabaritu baitzuten traineruek haizearengatik. Azken luzean Gorka Aranberri Urdaibaiko patroia lehen kaletik hirugarrenera abiatu zen haizearen norabide naturalagoa bilatu nahian, eta estropadako sailkapenean laugarren izan zen Hondarribiaren aurretik sartu zen, Donostiarrari puntu batzuk kenduta.

Bigarren txandan, itsasoaren egoera okertzen eta zailtzen zihoan jada, eta urduritasuna present zegoela erakutsi zuten Kaikuk eta Zierbenak. Biak semaforoa berdea jarri baino lehen abiatu ziren eta hiru segundoko zigorra jaso zuten. Amaieran biziko zen helmugaratze estuaren lehen seinalea izan zen, azkenean foto-finishak erabaki baitzituen hurrenkerak: Getaria, Zierbena, Kaiku eta egoera larrian dagoen Lekittarra.

ORIO, ARRAUN LAGUNAK-EK BAINO PUNTU BAT GEHIAGOREN ZAIN.

Nahiz eta Arraun Lagunakek borroka handia planteatu, mirotzek indar puntu bat gehiago dutela erakutsi eta puntu bat gehiagoko aldea atera zuten. Hala, gaur bertan lor dezakete Liga, betiere Arraun Lagunaken aurretik geratuz gero. Atzo hauek lehen erreferentziak markatu zituzten, baina ziabogara iritsi aurretik, Oriok lidergoa eskuratu zuen amaiera arte. Atzetik, Donostiarra Tolosaldearen aurretik helmugaratu zen eta jaitsierako play-offen arriskua pixka bat urrundu zuen.