GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Elezkano-Zabaletak hirugarrena nahi dute Bilbon

Bere atzelariak sortutako aukerei etekin bikaina atera zien Zaratamokoak udako lehen aukera handian eta finalean izango dira larunbatean.

Danel Elezkanok ez zion aukerari ihes egiten utzi. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ez dirudite ikaragarri parrandazaleak, baina ezin uka Bilboko Aste Nagusia gustuko plaza dela Danel Elezkano eta Jose Javier Zabaletarentzat. Elkarrekin jokatu zuten bertan Zaratamokoak Asegarce utzi eta Asperekin debuta egin zuenean, 2016an, eta torneoa eurentzat izan zen. Bi urte beranduago ere batera lortu zuten garaipena eta 2022 honetan euren hirugarren Bilboko feria lortzeko moduan dira finalerdian Ezkurdia-Martijari 16-22 gailenduta, Binakako txapela ere jantzi zuten Bizkaia pilotaleku erraldoian.

Laso-Mariezkurrena izango dituzte parean larunbatean hori oztopatzeko asmoz eta, printzipioz, badirudi atzokoaren aldean oso bestelako partida izango dela, Zabaletak lan askoz zailagoak izango ditu-eta Berriozarreko atzelaria atzo Martijarekin egin zuen bezala dominatzeko. Bezperan Elgoibarren jokatutakoa zen arren, etxarrendarrak kristalezko errebotetik gertu izan zuen alboko herriko atzelaria eta horrek erasoan eroso aritzeko aukerak eskaini zizkion zaratamoztarrari.

Ohikoa duten jokoarekin, erraz samar lortu zuten urdinek markagailuan alde egitea, 1-6 eta 5-8, baina Joseba Ezkurdiak jokoan sartzea lortu eta markagailua orekatzea lortu zuen, baita 10-8 aurretik jartzea ere. Martijak ere, pilota paretara baztertuz, Zabaletari min egitea lortu zuen.

EGIN ETA GALDU

Hala ere, partidaren erritmoa berak jartzeko asmo horretan, Joseba Ezkurdiak arrisku handiak hartu zituen eta egin bezainbeste galdu zuen. Berea izan zen, seguru asko, tantorik txalotuena, boleaz txokoan hiltzera jotako sake-erresto batekin, baina azkenerako galdutako 6 pilotak gehitxo izan ziren parean izan zuten bikote sendoaren aurka.

Izan ere, denbora zeraman Danel Elezkanok antzeko aukera baten zain uda honetan eta etxetik gertu agertu zaionean ez du hutsik egin. Zabaleta sendo baten babesean, bizkaitarra, beste behin, oso eraginkor aritu zen eta finalerako txartela lortu zuten.

NESKAK, ZUMAIAN

Bilbokoa ez da larunbateko final bakarra izango, neskek Zumaiako Aitzuri pilotalekuan jokatuko baitute Laboral Kutxa Udako Torneoko lehen txapelak eskuratzeko lehia. Aldai-Capellan Etxegarai-Gaminderen aurka arituko dira.