GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Eusko Jaurlaritzarentzat, Nafarrak «estatukide» eta Iparraldekoak «atzerritar»


Martxelo Otamendik jarri nau arrastoan (berria.eus/eustaten-leitzarrak-melillarren-pare). EAEko hoteletan uztaileko bisitarien kopurua eman du Eustatek (Eusko Jaurlaritzaren estatistika erakundeak) duela gutxi. EAJren esku dagoen Eustatek, Nafarroako bisitariak “Estatuko beste bisitariak” eta Ipar Euskal Herrikoak “Atzerriko bisitariak” bezala sailkatzen gaitu. Hortaz, EAJrentzat eta Eusko Jaurlaritzarentzat, nafarrok eta jaendarrak edo murtziarrak jatorri berekoak gara, baina EAEtarren (espainiar) estatukide. Bidasoaz bestaldeko euskal herritarrak, ordea, lituaniarrak edo greziarrak bezain atzerritar. Harrapazan.

Beraz, agerian uzten du, irizpide espainiar peto batez sailkatzen dituela herritarrak Eusko Jaurlaritzak, EAEz kanpoko euskal herritarrok existituko ez bagina moduan. Bost axola, era berean, bisitariok euskaldunak garen eta, are gutxiago, euskarazko zerbitzua eskaintzen zaigun edo ez. Burutik pasa ere ez.

Irakasle naizen aldetik, Jaurlaritzak EAEko ikasleen ezaugarriei buruz argitaratutako zenbait txosteni erreparatu diet gero, eta egunerokoan bizi dugunarekin alderatu. Bai ba, hezkuntzaren eremurako ere bi jatorri nagusi esleitzen zaizkie ikasleei: “bertokoak” eta “atzerritarrak”. Pasaporteak ebazten du auzia! “Bertakoak” ez dira euskal herritarrak, espainiarrak baizik. “Atzerritarrak” pasaporte espainiarra ez duten guztiak dira. Beste era batean esanda: Idiazabalgo, Bilboko, Jerez de la Fronterako eta Alcantarako haurrak “bertakoak” omen dira guztiak. Nafarrok ere bai, dokumentazio espainiarra dugun neurrian. Aldiz, Urruñako, Mauleko edo Baigorriko haurrak “atzerritarrak” dira “Euskadin”, Bordele, Buenos Aires, Marrakex edo Hanburgokoak bezainbeste, espainiar dokumentaziorik eduki ezean! Negargura sartu zait. Hau da hau arduragabekeria eta noraeza, hau iparra galduta ibiltzea. Ez da bakarrik Eusko Jaurlaritzak Espainiako betaurrekoak janzten dituela, espainiar Estatuaren beste edozein atal administratibok bezala. Gainera, irizpide erabat okerra da, EAEko hezkuntza sistemak neurri handi batean euskaraz diharduen neurrian. Ume eta gaztetxoengan duen eragina penagarria izan ohi da.

Hain gaude azpiratuta, espainiar ikuspegia hain dugu xurgatuta eta barneratuta, gauzarik oinarrizkoenak ere ezin ditugula behar bezala izendatu? Nola izango da ba jatorriz bertakoa Euskal Herrian Chiclanako edo Gandiako haur bat? Nola izango da atzerritarra Euskal Herrian Hazparneko alaba bat edo Uztaritzeko seme bat? Erotu egin gara? Garai batean, nafar askok mirespenez eta itxaropenez begiratzen genien EAEri eta Eusko Jaurlaritzari. Zein oker eta engainatuta geunden!