GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Bulego bat norberarena


Bueltan da Bilboko Aste Nagusia. Eta bueltan da pandemia baten eraginez bi urte luzez barruan kateaturik izan dugun pasio sugarra. Itzuli dira jaiak, eta kaleak festaz eta jendez bete dira beste behin.

Nire neska-lagunarekin eta haren ahizparekin elkartu eta haien planera batu naiz. Alde Zaharra atzean utzi eta korrika batean Abandoibarrara abiatu gara, Bulegoren kontzertuan lehenengo ilara bereganatzea erabakia baitute. Berriketan goaz, pozik, lasaiki, eszenatoki aurrera heldu garen arte: jendetza. Lotsarekin batera ezinegona zabaldu zait gorputzean, eta beldurraren ahotsak berehala hitz egin dit, gupidagabe: Nola dantzatzen da kontzertu batean? Zelan askatuko naiz hainbeste begiren aurrean? Ni ez naiz horrelakoa, ezin dut… Aurreko egunean Urdangarinen kontzertuan bai gustura, distantziak mantenduz, ordenan, aulkien ilarek eskaintzen zuten zuzentasun lasaigarrian. Izerditan hasi naiz. Ihes egiteko gogoa sentitu dut.

Ospa egin ahal izan aurretik, traizioz, kontzertua hasi da. Ostia, eta orain zer? Harrapatuta nago. Musikariak kartsuki agertu dira oholtzan, irribarretsu, indarra eta bizipoza guztiongan barreiatuz. Airean dira lehen notak. Oinak lurraren kontra mugitzen sumatu ditut; berehala gorputz osoa. Zerbait pizten ari da nigan. Nork esan du euskaldunok mugitzen ez garenik? Arras lotsaturik oraindik, musikarien gonbita onartu dut: unea gozatu, pikutara kezka guztiak! Ez dakit nola, baina hasi naiz bat-batean hegan. Katarsia.

Orain beldurra da ihes egiten didana. Taldekideen izaerak txunditzen nau. Ezberdinak dira. Ausartak. Askeak. Inbidiaz begiratzen diet. Haien libertatea nigan sentitu dezaket, abestiek garraiatzen dituzten ideiak malutak bezala nire gorputzean pausatzen diren bitartean. Gogoa bueltaka daukat: Zer da gizona izatea? Zer gizon gisa jokatzea? Zein jenerotan sartu esan zidaten umea naiz; zurruntasunean goxo, ahultasunean ezeroso. Gizona. Kaiola handia sumatu dut nire inguruan. Zer da hainbeste azkura ematen didana?

Badira liburuetan aurkitu ezin diren egiak, eta, gero eta gehiago iruditzen zait gizonok bulego bat behar dugula, gurea izango dena, norberak bere bihotzari jarraiki osatuko duena. Baldintza gabe izateko ausardia biltzen dugunean bakarrik ikasiko baitugu baldintza gabe maitatzen. Azken batean, ez al gara askeak izateko jaio? Ba entera gaitezen behingoz: nortasuna eta jarrera! Beti zutik, beti aurrera!

Pentsatuz gero, itzela iruditzen zait hau guztia kontzertu batean sentitu izana, eta are itzelagoa hau dena euskaraz bizi izana. Ohartu gabe, esfortzurik gabe. Bai, euskarak ere beharko du berea izango den bulegoa. Ildo horretan, iruditzen zait Bulegok izugarrizko ekarpena egiten diola euskal kulturari, une oro hura ahotan erabili beharrik gabe gainera. Kantatuz. Dantzatuz. Izate hutsarekin. Ez dakit hori den euskarak behar duen bidea, baina argi dago hori dela bide posibleetako bat.

Eta gu zer, bagara euskaraz? Eta zu, Bilbo, ohartzen al zara zein ederra zaren euskaraz zarenean?

Orain badakit. Ez dago ezer aldatzekorik gu geu garenean. Suzko erroberak gara, gauaren babesean; jende librea gara, Bulegoren babesean. Segi dezagun dantzan eta ametsetan!

Eskerrik asko, Bulego! Biba zuek!