GARA Euskal Herriko egunkaria

Montzoiek eragindako uholdeek triskantza eragin dute Pakistanen

«Hondamendi klimatikoa» aldarrikatu du Pakistanek. Laguntza ekonomiko eta humanitarioa eskatu ditu mila hildakotik gora, milioika etxegabetu eta sei pakistandarretik bat kaltetu duten uholdeei aurre egiteko. Montzoiei egotzi zaie errua, krisi globalari, baina planifikazio eza eta bideragarria ez den garapen eredua ere salatu behar dira.

Herritarrak montzoiak eragindako uholdeek errepidean utzitako kalteak ikusten, Pakistan iparraldeko Swat bailaran. (Abdul MAJEED | AFP)

Erraz idazten da. Atzo bertan beste 119 gorpu azaldu ziren, eta dagoeneko 1.033 dira hildakoak. Suntsitutako etxeak eta laboreak kontaezinak dira, 33 milioi dira kaltetutakoak, herrialdearen laurdena urpean geratzeko arriskuan da, eta okerrena iristear da, urak ez baitira oraindik Pakistan hegoaldeko Sindh probintzia populatura iritsi. Montzoietako euriteetako eta urtutako glaziarretako urek bete-bete utzi duten Indus ibaiari beldurtuta begiratzen diote herritarrek. Uholdeak nonahikoak dira ibaiaren bidean eta ertzetan bizi direnen artean ebakuatuak milioika dira.

Aurtengo montzoi sasoia animalekoa dela esan dute, «munstro hutsa», azken aspaldian ez bezalakoa. Eta gertatzen ari den hondamendiaren errua horri egotzi diotenak ez dira falta. Baina urteroko kontua da montzoi sasoia hango latitudeetan, bizigarria, laborantza lurrak ureztatzen ditu, lakuak eta presak bete. Baina, aldi berean, hori ere badaukate montzoiek: triskantza ekar dezakete.

Klima kaosaren lehen lerroa

Pakistango Gobernuaren klima gaietarako arduradun den Sherry Rehmanek «herrialdea muturreko klima gertakarien lehen lerroan» dagoela adierazi du, proportzio biblikoak dituzten gertakariak kateatzen dituena. «Bero kolpeak, basoetako suteak, bat-bateko uholdeak, glaziarretako lakuen leherketak -eskualde polarretatik kanpo munduan glaziar gehien dituen herrialdea da Pakistan- eta, orain, montzoi erraldoi hau». Agian ardura propioei iskin egiteko, «krisi global» bat pairatzen ari direla adierazi du, eta, bidenabar, Pakistanera laguntza ekonomiko eta humanitario urgentziaz bidaltzeko deia zabaldu du.

Horiek eta bost beharko dira triskantzak hartu duen eskala kontuan hartuta. Atzo arte, ia milioi erdi etxe eraman ditu urak, milioika dira argindarra ez dutenak, eta herrialdean zehar erabili ezin diren bide berri ugari daude. Eta erabil daitezkeen errepideak, uraren mailatik gora daudenak, larrialdietarako kanpamentuz beteta daude.

Gainera, hondamendia ez zitekeen une okerragoan heldu. Ekonomia gainbeheran dago, lehen ministro ohia, Imran Khan, kolpe judizial batekin bota zuten eta haserre soziala puri-purian da.

Pakistandarren zoria garai kolonialeko presaren mende

Pakistan hegoaldeko milioika biztanle Indus ibaiari so daude, adi-adi, dardarka. Tibeteko glaziar eta iturrietan jaio, Indiatik igaro eta Pakistan zeharkatu ondoren Indiako Ozeanoan hiltzen den ibaiak herrialdeari bere ur beharren %90 ematen dizkio. Milioika jenderen bizitzen sostengua da, baina ematen dien guztia kentzeko prest dago beti. Eta egoera erabat okertu daiteke bere urak bildu eta nekazaritza lurretan 10.000 kilometroko ureztatze kanaletan zehar banatzen dituen Sukkur presak ura eusteari utziko balio. Dante bezala, Pakistan infernuaren atarian egon litekeelako.

Britainiar Inperioaren garaietan eraikia, ingeniaritza mirari deitu zioten. Bere altzairuzko 19 ateetatik segundoero 1,4 milioi metro kubiko ur pasatzen dira. Urteetako zabarkeriari eta mantentze lan eskasiagatik ezin du egunotako ur kantitate errekorra tratatu. Montzoiek dikeak lehertzear utzi dituzte. GARA