GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBALOIA

Azken ordu laurdenean azpiratu du Bidasoa Irunek Cangas Morrazo

Galiziako taldea 24-22 hurbildu bada ere, Skrzyniarz atezain poloniarraren eta Jon Azkue kapitainaren eskutik, alde egitea lortu du Irungo taldeak.

Jon Azkuek bederatzi gol sartu zituen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Joan den asteburuan Benidormen aurkakotik esku hutsik itzuli zen etxera Bidasoa Irun, baina atzo ez zuen barkatu eta ondo merezita lortu ditu denboraldiko aurreneko puntuak. 35-26ko azken emaitzak dioena baino dezente gehiago kostatu zitzaion talde gipuzkoarrari, Cangas Morrazo 45 minuturen ostean 24-22 hurbildu baitzen markagailuan.

Alabaina, azken ordu laurdenean Artalekuko mutilek erraz azpiratu zituzten aurkariak: Skrzyniarz atezain poloniarrak Harbaoui ordezkatu eta ia segidan baloiak gelditu eta gelditu hasi zen. Bestetik, erasoan Jon Azkue kapitainak hartu zuen ardura eta markagailua 24-22tik 30-24ra igaro zen. Tarte horretan orotara sartu zituen bederatzi goletatik lau sareratu zituen Azkuek.

Gorka Nieto irundarraren gol jarioak buruan jarri zuen etxeko taldea aurreneko erdian, baina talde galiziarrak nahiko txukun eutsi zion.

Atsedenaldira 18-13 iritsi eta gero, Cangas Morrazok lanak eman zituen, Diaz atezainaren eskutik. 24-22 hurbildu ziren galiziarrak, baina Skrzyniarz eta Azkueren eskutik hanka egin zuen Bidasoak.

ASOBAL LIGA

Helvetia Anaitasunak, bestalde, Santanderren jokatuko du gaur eguerdian Balonmano Sinfin taldearen kontra.

Aurreneko jardunaldian Balonmano Cisne igo berriari irabazi egin zion talde iruindarrak. Bestetik, belauneko lesioa berritu zaion Ander Torrikori eskaini nahiko diote garaipena Quique Dominguezen gizonek. «Ligako aurreneko jardunaldian momentu onak izan genituen, baina baita hutsegiteak ere. Horiek zuzentzen egin behar dugu ahalegina», adierazi du asteon Dominguez entrenatzaileak.

EMAKUMEEN LIGA

Super Amara Bera Berak ere gaur jokatuko du, 16.00etan Granollersen. Imanol Alvarezenek ez zuten nahi bezala hasi denboraldia, Malagaren aurka etxean galdu egin baitzuten.

«Garbi dago zer egin genuen gaizki, gure defentsak ez zuen mailarik eman, nahiz eta erasoko jokoarekin pozik nagoen», azpimarratu zuen atzoko prentsaurrekoan Alvarezek.

Zuazok eta Gurpea Beti Onak-ek ere gaur arratsaldean jokatuko dute. Barakaldoko taldeak Rocasa boteretsuari lanak eman zizkion. Lasesarren 19.30ean Porriño taldearen aurka denboraldiko aurreneko puntuak bilatuko ditu Haito Rodriguezen taldeak.

Galiziarrek 26-27 galdu zuten beren estreinako partidan Motive Gijon taldearen aurka. Hain zuzen, Gurpea Beti Onak talde nafarrak asturiarren kantxan jokatu beharko du 19.00etan hasita.

Atarrabiako taldeak garaipenarekin ospatu zuen Guerreras Iberdrola Ligako debuta, baina gaur arratsaldekoa aurreneko bisita serioa izango da, asturiarrek ligan goian ibiltzeko taldea eratu baitute.