GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Energia balorizatu gabe eta lurraldea hipotekatuta


Zubietako errauste planta, izan duen azken matxuraren ondorioz, erraustegi hutsa da ia-ia, ez baitu energia balorizatzen. Behin-behineko transformadore batekin bere ahalmenaren laurden bat baino ez du ekoizten, eta transformadorearen matxura ez dago konpontzerik, hondatutako pieza fabrikatu zuen enpresak esan duenez. Erraustea eta energia sortzeak osatzen dute energia balorizazio planta, eta balorizaziorik gabe erraustegi hutsa da, Europako araudiak zabortegi baten parekotzat jotzen duena.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko diputatuak dio plantak baliabide laguntzaile batekin funtzionatzen duela, eta transformadore berria hilabete barru funtzionatzeko prest egongo dela. Beharbada herritarren txaloak espero ditu, edo gutxienik ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitzea, transformadorearen kostua huskeria balitz bezala. Errauste plantaren mantentze-lan penagarriak ere ez zituen aipatu ere egin, erabilera txarrak eragin baitu transformadorearen behin betiko matxura. Joan den apirilean Industria Administrazioko Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak transformadorearen mantentze-lan kaskarragatik zigortu zituen erraustegiaren arduradunak, baina ez da ezer gertatzen, antza, zabaldu zuten une beretik nabarmena den arren plantaren kudeaketa penagarria, eta nabarmenak eragin dituen ingurumen arazoak. Hondakinetatik energia lortzeko sistema omen zen, eta hondakinak erretzen ditu praktika kaltegarri hori baztertzeko garaian, hain zuzen. Hala ere, enpresak eta Administrazioak ez dute halakorik onartuko; aitzitik, irregulartasun kateamendu amaigabea estaltzen saiatzen dira.

Zubietako erraustegia, Gipuzkoako Ingurumen Gunea izen arranditsuarekin ere, proiektu polemikoa izan da hasieratik, herritarren borondatea kontuan izan gabe eraiki zuten, edo haien borondatearen aurka. Errauste planta horren inguruan zentzugabekeria ugari pilatuz joan dira, proiektua bera zentzugabekeria dela ondorioztatzeraino. Ingurumena eta herritarrak kaltetzen dituen eta herrialdea hipotekatzen duen zentzugabekeria.