GARA Euskal Herriko egunkaria

Bikote orotan dago, tamalez edo, agintzen duena


Xi eta Putin, Putin eta Xi. Ukrainako inbasioaren bezperan Pekingo Neguko Olinpiar Jokoetan bildu zirenetik, «modako bikotea» dirudite, munduak pairatzen duen hondamendi ekonomiko eta militarragatik ez balitz.

Egun hauetan bigarren aldiz elkartu dira biak aurrez aurre, Shanghaiko Elkarlanerako Erakundearen goi-bileran, hain zuzen ere. Eta badago bi herrialdeen arteko elkarlana sendotu egin dela ondorioztatu duenik.

Gehiegizkoa, errusiarrak txinatarrarekiko izan duen jarreran behin eta berriro amore eman duela kontuan hartuta.

Xik argi eta garbi utzi dio Putini Shanghaiko erakundea Txinak berak sortu zuela bere garaian Errusiak Erdialdeko Asian zuen aitzindaritza ahultzeko, eta Kremlineko maizterrak, berriz, azalpenak eman behar izan dizkio Ukrainako gerraren noraezaren inguruan. Modi indiarrak ere eskatu dizkio, bide batez.

Mundua ekialderantz abiatzen ari dela ere argi eta garbi dago. Samarkandan egin den goi-bileran indarberritu egin da bloke hori. Baina bloke horren baitan aitzindaritza Txinak duela gero eta ageriagoa da.

Errusia bigarren lerroko gonbidatua da eta Txinaren eta AEBen arteko talka handiaren eszenatoki txikia baino ez da Ukrainako gerra. Eta europarrok zer?