GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Eskuin muturraren garaia edo hari aurre egitekoa?


Europako Batzordeak Hungariari Europako funtsen ordainketa etetea proposatu zuen igandean; Europako Parlamentuaren ebazpen baten arabera, Hungaria ez da demokrazia osoa. Denak ez datoz bat, ordea; esaterako, Giorgia Meloni, Fratelli d’Italia alderdiko liderra eta herrialdeko hurrengo lehen ministroa izateko aukera handia duen hautagaia. Hauteskundeak hilaren 25ean izango dira eta, inkesten arabera, eskuin muturra erraz gailenduko da. Italia oso egoera konplexuan dago, bereziki energia krisiaren ondorioz: Aljeriak ez bide du aseko herrialdearen gas beharra; bestalde, Frantziak energia nuklearrarekin dauzkan arazoak direla-eta, argindar gutxiago esportatuko diola esan berri du. Egoera makur hori kudeatzea egokituko zaio hurrengo gobernuari; segur aski, eskuin muturrari, hain zuzen.

Baina horrelako edo antzeko egoera korapilatsua ez da Italian bakarrik gertatzen ari, eta Europa osoan eskuin muturra indar demokratikoen artean sartzen ari da naturaltasun osoz. Harako harresi demokratikoa hitzaldi solemneetan geratu dela dirudi. Suedian izan berri diren hauteskundeetan eskuin muturra bigarren geratu zen eta eskuinarekin batera hurrengo gobernuan parte hartzeko edo gobernua bere sostenguarekin eratzeko aukera handia dago. Hauteskunde kanpainan haren aldarrikapen nagusia segurtasunaren eta immigrazioaren ingurukoa izan zen; eskuinak ere jarraitzen dion bandera, alegia. Erresuma Batuan ere Trussen neotatxerismoak ere ez du kezka uxatzeko motiborik iragarri, eta Estatu espainolean ikusi den bezala, eskuinak hala behar duenean ez du eskuin muturrarekin gobernatzeko inolako eskrupulurik.

Jakina da noren interesak defenditzen dituen eskuinak eta eskuin muturrak ere interes berberen alde egingo duen jakitun da; horregatik, delako harresi demokratikoa gero eta ikusezinagoa da. Are kezkagarriago, ezkerrak ere, oro har, ez du diskurtso sendorik izan; aitzitik, askotan eskuinari begirako politikak egin izan ditu eta, horrela, azkenean batzuek eta besteek eskuin muturrari jokalekua zedarritzeko aukera eman diote. Ez da atzo goizeko arazoa; beraz, izan da zerbait ikasteko aukera eta erreakzionatzeko garaia da.