GARA Euskal Herriko egunkaria
ALPINISMOA

Jean Ravier zendu da, Pirinioetan 200 bidetik gora zabaldu zituen alpinista


Berrogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, Pierre anaia bikiarekin batera, Jean Ravierrek Pirinioetako pareta handietan 200 bide baino gehiago zabaldu zituen. Pirineismoaren historiaren ikur honek 89 urterekin utzi gaitu.

Pic du Midi d´Ossau, Vignemale edo Ansabereko orratzak; horiek dira adibide batzuk. Sokada berezia zen Pierre eta Jeanek osatutakoa. Eta horregatik zaila egiten da soilik Jean aipatzea.

Nahiz eta Parisen jaio ziren, hiru urterekin Bordelera bizitzera joan ziren. 1940. urtean, haurrak zirela, Pirinioetan amonak zuen etxera bidali zituzten. Mendilerroa orduan ezagutu zuten. Ia hogei urte zituztela, Petit Pic d´Ossauko iparraldeko aurpegia zein Vignemaleko “Gaube” korridorea eskalatu zituzten. 1951. urtea zen. Esperientzia horien ondoren, anaia hauek sorkuntzan (bide berriak sortzen) buru belarri sartu ziren Pirinioetako mito bihurtu arte. Henri Bulle historikoaren (zailtasuneko pirineismoaren aitzindaria) ordezko bilakatu ziren.

1962. urteko Jannuko espedizioan ere parte hartu zuen Jean Ravierrek.