GARA Euskal Herriko egunkaria

Garbitegiak


Ez zen sekretua, berez. Irlandan denek zuten Magdalena garbitegietara bidalitako neska eta emakume gazteei gertatzen zitzaienaren susmoa, baina batzuek ontzat jotzen zuten bizimodu “ondradu eta moralaren” bidetik ateratako horiei jarritako zigorra eta ia denek ezjakinarena egitea erabaki zuten.

Edna O’Brienen “The Country Girls” (Landa aldeko neskak, 1960-64) trilogiako bigarren nobelan, pasadaz aipatzen ditu Baba errebeldeak garbitegiak: haurdun geratu dela eta umerik eduki nahi ez duenez, beste irtenbiderik ezean, mojen “laguntzarekin” arazoa konpontzeko modua izan daitekeela bururatu zaio. Iruzkin friboloa da; izan ere, zein emakumek opa diezaioke bere buruari halako toki batean bukatzea? Baina horrela aurre egiten dio Babak emakumeen kontrako errealitateari: burla eginez.

Duela zenbait urtetatik, garbitegietatik igarotako hainbat emakume eta beren aldekoak justizia bila dabiltza, Eliza katolikoak irlandar estatu independentearen laguntzarekin hamarkadetan milaka emakume eta haurrei eragindako kaltea ordain dezaten. Baina, oraingoz, Elizarekin eta estatuarekin zerikusia duten beste hainbat kontutan bezala, arrakasta handirik ez dute izan.

Oraingoan, ordea, irlandar asko ez daude beste aldera begiratzeko prest. Azken urteetako literaturan bertan antzeman daiteke gaiari darion urgentzia.

Claire Keeganen “Small Things Like These” (Hauek bezalako gauza txikiak, 2021) nobela laburrak, esaterako, garbitegiak direla-eta boterean daudenek zein herritar arruntek duten erantzukizuna nabarmentzen du.