GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

Lauren Jacksonek 30 puntu sartuta eta brontzezko dominaz hartu du erretiroa

Taldekideek lepoan hartuta esan zuen agur Jacksonek. (AFP PHOTO | AFP PHOTO)

Laugarren aldiz jarraian, Ameriketako Estatu Batuek irabazi zuten atzo urrezko domina Emakumeen Munduko Saskibaloi Txapelketan, finalean Txinari 83-61 irabazi ostean.

Cesar Ruperez nafarra hirugarren entrenatzaile duen Txinako selekzioak nahikoa egin zuen atsedenaldira 43-33 atzetik iritsita, baina hirugarren laurdenean 25-14ko partziala lortu zuten estatubatuarrek eta hantxe amaitu zen finala. Txinak 19 baloi galdu zituen eta ezin izan zuen A’Ja Wilson pibota, Mundialeko Jokalaririk Baliotsuena, geratu.

Alabaina, atzoko protagonista Lauren Jackson australiarra izan zen. Sei urte kantxetatik at egon ostean, Sydneyn jokatu den Munduko Txapelketara itzuli da, 41 urterekin. Kanadaren aurka, brontzezko dominaren lehian, atera zuen bere onena. 30 puntu eta 7 errebote lortu zituen. Australiak 95-65 irabazi zuen eta hunkituta, SuperDome estadioa zutik zela, negar malkotan hartu zuen behin betiko erretiroa Lauren Jacksonek.

GOAT ezizenez -ingelesezko Greatest Of All Time esamoldea laburtuta; hau da, «inoizko bikainena»- ezagutzen duten pibot australiarrak WNBA birritan irabazi du eta 2006an munduko txapeldun izan zen. Zalantzarik gabe, historiako saskibaloi jokalari onenen artean lekua dauka.