GARA Euskal Herriko egunkaria
ZESTA PUNTA

Irastorzak txapelarekin esan nahi du agur

Erkiga eta Irastorza Hondarribian. (JAI ALAI NEWS)

Final guztiak dira bereziak, eta Hondarribiko Grand Slama ez da salbuespena, baina gaurkoa (18.00etatik aurrera) bereziagoa, Eric Irastorzak profesional gisa eta Bidasoaz hegoaldera jokatuko duen azken partida izango baitu.

Erkiaga lagun, Barandika-Lopezen aurka jokatu beharko du oso orekatua aurreikusten den partida. Aurrekariek hala diote: garaipena eskuratzeko gernikarrak eta zumaiarrak hirugarren seta (5-3) behar izan zuten ligaxkan.

Garaipena eskuratuko balu, Aritz Erkiagak udako bigarren Grand Slama kateatuko luke eta udako aurrelaririk onena izango litzateke. Urri amaieran Biarritzen jokatuko den Munduko Txapelketarako konfiantza handia emango lioke garaipenak, baina bereziki Irastorzarekin irabazteak poztuko luke Ispasterkoa. «Izugarri gustatuko litzaidake berarekin txapela janztea; bi urte badira elkarrekin jokatu nahi genuela, baina arazo fisiko desberdinengatik ez da posible izan. Miamin urte asko egin genituen elkarrekin; oso harreman ona dugu eta ilusio ikaragarria egiten dit final hau berarekin jokatzeak. Ea bere Hegoaldeko ibilbidea txapela batekin amaitzerik duen, jendeak ikus dezan ez duela arrastaka amaitu. Bere ibilbide osoan maila gorenean aritu da eta azken partidetan ere halaxe ari da. Txapela lortzerik ez badugu, gutxienez itxura ona emanda eta pozik amaitu dezala», azaldu zuen.

Horretarako, Erkiagak argi dauka erasoan arriskuak hartu beharko dituela. «Atzean Lopezek gutxitan egiten ditu opariak».

ERKIAGA GAINDITU

Imanol Lopezek ere ez du ezkutatzen Hondarribikoa partida berezia izango dela. «Irastorza sekulako pilotaria da, zestak asko zor dio», laudatu du. «Pertsonalki, aurrean izateak eta berak irekitako bideak asko lagundu didate aurrera egiten. Momentu oso onak bizi izan ditugu kantxan eta kantxetatik kanpo eta pena handia ematen dit uzteak. Baina berak esaten zidan erreleboa eman beharra dagoela eta, zaila izan arren, belaunaldi berriei lekua egin behar zaiela. Pribilegiatu batzuk izan gara kirol honetan eta, edozeinek irabazita ere, elkar besarkatuko dugu, guztiaren gainetik lagun handiak gara eta».