GARA Euskal Herriko egunkaria

Zuzenketa


Europan ez bezala, AEBetan emakume jokalariek erakartzen dute futbol zelaietara jendetza. 1972an onartu eta Title IX gisa ezagutzen den hezkuntza-zuzenketari zor zaio hori. Zuzenketa horrek ezartzen du sexu diskriminazioa debekaturik dagoela gobernu federalaren dirulaguntza jasotzen duten hezkuntza programa edo jardueretan parte hartu edo haien onuraz gozatu nahi duten pertsonen artean. Berez Title IX-k hezkuntza arloko lanpostuetan emakumeen presentzia handitzea zuen helburu, baina hasieratik eragin handia izan zuen bestelako arloetan ere; kirolean, esaterako, emakumeei (eta gerora LGBTQ+ kolektiboko kideei) eskolan zein modu profesionalean aritzeko eskubidea onartu zitzaien. Lehen hamarkadan asko ez ziren zuzenketaren irismenaz jabetzeko gai izan, hala izan balitz haren kontra jo izango baitzuten. Hortik, neska askok futbola aukeratu izana. Garai hartan bazterreko kiroltzat zuten eta jokalariek nahierara jardun zezaketen. Urte haietan hasi zen Ervick futbolean jokatzen, betiere atezain, umetatik unibertsitate ikasketak amaitu zituenera arte. Denbora horretan guztian ez zen ohartu Title IX-k bere bizitzan izandako garrantziaz. Hari esker, futbolean jokatu, unibertsitatean lanpostu bat lortu eta horri guztiari buruz idatzi eta idatzitako lana argitaratua izateko aukera izan duela esan zigun asteazkenean; asteon heldu da liburu-dendetara “The Keeper: Soccer, Me, and the Law that Changed Women’s Lives” (Zaindaria: Futbola, neu eta emakumeen bizitza aldatu zuen legea), bere memoria grafikoaren aurkezpenean.