GARA Euskal Herriko egunkaria
GORBEIA SUZIEN

Onditz Iturbe eta Oihana Azkorbebeitia, loriatik urrats batera

Igorrekoa bigarren izan zen, Vachon irabazlearengandik 16 segundora. Webster nagusitu zen Munduko Kopan, Abadiñokoa bigarren postura bidalita.

Molina, lasterketako eta Munduko Kopako irabazlea. (J. FONTANEDA | FOKU)

2022ko Skyrunning txapelketako azken suziria bota zuten atzo Gorbeian eta, batez ere emakumezkoen mailan, aho zapore gazi-gozoarekin amaitu zuten euskal korrikalariek. Lasterketa eta denboraldi bikain baten ostean, tontorretik urrats batera geratu baitira Onditz Iturbe eta Oihana Azkorbebeitia.

Iaz bezala, Igorreko atleta bigarren (3:49:53) izan zen atzoko lasterketan, Noemie Vachonekin (3:49:37) buruz buruko lehia estuan, frantziarrarengandik 16 segundora helmugaratuta. Lindsay Webster (3:51:26) kanadarra izan zen hirugarrena eta pilatutako puntuak nahikoak izan zituen sailkapen orokorreko lehen postua ziurtatzeko, orain arteko liderra, Oihana Azkorbebeitia, bigarren postura bidalita. Nahiko aurrean hasi zen arren, azkenerako Abadiñoko korrikalariak zortzigarren (4:03:38) amaitu zuen etxeko lasterketan eta orokorreko bigarren postuarekin konformatu behar izan du. Postu bat atzerago amaitu zuen Maite Maiorak osatu du nesken azken podiuma.

Gizonezkoetan Nico Molina andaluziarrak (3:08:26) nagusitasunez lortu zuen garaipena Gorbeia Suzien lasterketan, bigarren izandako Loic Robert frantziarrari hiru minutu baino gehiago aterata (3:11:39), eta Bizkaian lortutako puntuekin azken sailkapeneko garaipena ere ziurtatu du. Bernard Chepkwony kenyarra hirugarren izan zen.

Euskaldunen artean onena Ander Iñarra lezoarra izan zen, bosgarren. «Ibilbide honek daukan azken igoera berezi horretan gehiago estutu dut, nituenak eta ez nituenak uzteko, eta nire aurreko biak harrapatu ditut, tartean Aitor Ajuria -seigarren izan zen-, eta azken kilometroak gozamena izan dira. Emaitza honek Munduko Kopako rankingean hirugarren postua egiteko balio izan dit eta oso pozik nago», azaldu zuen Euskadi Irratian.