GARA Euskal Herriko egunkaria

Herri ahantzia


Abenduak zazpi egun zituen, familia bazkarira eguerdi aldera iristeko intentzioa zeukan Micaelok, Hernanira etorri zenetik ‘Mikel’ izenarekin ezagutu nuenak. Spitak zen herria, garaiko Sobietar Batasunaren zatia, baina Armenia. 1988az ari naiz, eta 11.40ean lurrikara izan zen hiri horretan, zortzi segundo baino ez zituen iraun, baina ia dena suntsitu zuen.

Orduan ez zela sakelako telefonorik, nehork ez zekiela norengana jo, nori laguntza eskatu, drama familiarra, herri osoaren suntsiketa, poz egun bat zoritxarrik handieneko nola bihurtu zen, hori oroitzen dut Mikelen kontakizunetik. Richter eskalan sekulako indar suntsitzailea agertu zuela erran zidan, baina hori historiari interesatzen zaiola, sufritu duen gizakiak mina baino ez duelako gogoratzen. Gaixo Armenia, zapaldua eta ahantzia. AEBen begikoa ez bazara, jai duzu herri gisa. Deep Purple, Iron Maiden, Black Sabbath, Pink Floyd, ELP, Yes, Led Zeppelin, Rush, Queen... puntako musikariek lan bat argitaratu zuten Armeniari laguntzeko. Gustuko dudan Charles Aznavour handiak «Pour toi Arménie» idatzi zuen, «Mundua altxatu da, mundua zurekin dago, ahaztutako herriarentzat bihotza zabaldu du» kantatuz.

Baina oraino sufritzen ari da herri armeniarra, kultura zahar eta aberatsaren jabea, inperialismoaren begipuntuan beti, gaur Azerbaijan du bere kontra, bortizki, baina nehor gutik daki hori, bafleetan Ukrainako gerrak baizik ez baitu tokirik.