GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Estatu burujabea eraikitzeko eguna


Espainiar Estatuak urriaren 12an desfile militarrekin ospatzen du bere festa nazionala, guztien buru Francok izendatutako estatuburuaren oinordekoa ageri dela. Atzokoan, aldez aurretik, goizaldean, Euskal Herriko kaleetan inkontrolatuak ibili ziren; zehazki, Donostiako Herria tabernatik ikurrina lapurtu zuten, eta ez da lehen aldia halakorik gertatzen dela. Proiektu politiko espainolaren benetako muinaren erakusgarri txikiak dira horiek: ezberdintasunak onartzen ez dituen proiektu militarista, 1936an estatu-kolpea eman zutenen oinordekoen tutoretzapean jarraitzen duena. Iraganeko kondairetan gero eta ainguratuago dagoen proiektua, hizkuntzaren, kulturaren eta mundu-ikuskeraren inposaketan oinarritutakoa, etorkizunera begira ideia positiborik proiektatzeko gai ez dena. Estatua demokratizatzeko aukeraz sarritan hitz egiten da, baina testuinguru horretan kimerikoa dirudi; bistan denez, ez dira gai izan frankismo garaian “arrazaren eguna” deitu zen haren jarraipena den jai nazional hori aldatzeko.

Euskal Herrian, Estatu espainolean eta Amerikako beste herri batzuetan bezala, urriaren 12an ez dago ospatzeko ezer. Aitzitik, justizia eta berdintasuna lortzeko oinarriak dituen beste proiektu politiko bat aldarrikatzeko eguna da. Herri eredu horrek pertsona guztien parte hartzea eskatzen du, edonondik datozela ere; genero berdintasuna eta aberastasunaren banaketa justua ditu helburu; gatazkak konpontzeko elkarrizketaren eta negoziazioaren alde egiten du; pertsonak eta gure ingurunea zaintzea funtsezkotzat du; eta egungo munduaren erronkei aurre egiteko modu egokia demokrazian sakontzea dela uste du. Bide horretatik ibiltzen hasteko ezinbestekoa da burujabetza lortzea, kateak haustea eta boterea euskal herritarren eskuetan egotea.

Pribilegiatuek ez diete beren pribilegioei borondatez uko egiten, gutxiengoa direla erakutsi behar zaie. Eta herri honetan espainiar proiektu militarista eta baztertzailearen alde egiten dutenak gutxiengoa dira. Gehiengoak aurrera egin nahi du gizarte irekiago, bidezkoago eta demokratikoago bat eraikitzea ahalbidetuko duen subiranotasunerantz.