GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKALADA

Babicz-en marka berria Grand Capucin-en


Eskalatzaile eta alpinista bikaina da Filip Babicz. Arrokan, izotzean zein dry-tooling-ean goi mailako jarduerak sinatu ditu. Zailtasun handiko igoerak egiteaz gain, eskalatzaile italiar-poloniarra espezialista bikaina da bakarka integraleko (sokarik gabe) jarduera azkarretan.

Eskalatzaileen kolektiboa ahoa bete hortz utzi du eskalada alpino expres-ekin; hots, abiadura handiko jarduerekin. Askotan, zaila da ulertzea egiten dituen denborak. Hemen dira hiru adibide: Aiguille Noire-ko hegoaldeko ertza ordubete eta erdian, Integralissima de Peuterey 17 ordutan, eta Piz Badileko iparraldeko ertza ia 53 minututan.

Bada, Babiczek izaera horretako beste eskalada harrigarri bat egin du. Berriro ere sokarik gabe, eskalatzaile hori Grand Capucin (3.838 m, Mont Blanc mendilerroa) enblematikoan izan da. 570 metro igo eta gailurra zapaltzeko 49 minutu bakarrik behar izan ditu; sokada indartsu batek, oro har, zortzi ordu behar ditu. Bi bideren nahasketa erabili du: “Suitzarra”-rena eta “O Sole Mio”-rena.

Grand Capucin ezagutzen duen edonork jakin badaki eskalatzaile horrek ez duela ibilbide motzena aukeratu erronka hori aurrera eramateko. Egin zezakeen, eta emaitza ere oso ona izango zatekeen. Baina protagonista honek murru estetiko eta enblematiko horren sekzio bertikalenak hautatu zituen. Zerrenda historiko horri, hortaz, beste errekor bat gehitu dio.

SOKARIK GABE

Jarduera handi horretan eraginkorra izateko, prestaketa oso zehatza egin zuen. “Suitzarra” bidea maiatzean eskalatu zuen lehen aldiz, eta erabaki ere bere hurrengo abiadura errekorra han bertan egiten saiatuko zela.

Entrenatzen eta planifikatzen ari zela, Perura joan zen udan; baina gaixotu egin zenez, espedizioa bertan behera utzi behar izan zuen. Abuztuaren 20an, berriz, Grand Capucineko errekor horrekin buru belarri jarri zen. Sei aldiz eskalatu zuen “Suitzarra” irailean: hirutan soka lagun batekin eta beste hirurak bakarka. Abiadura errekorra egiteko sasoiko eta prest zegoen.

Grand Capucineko oinarrian dagoen glaziarra atzera egiten ari denez, lehen metroak “Bonatti” bidetik egin zituen. 200 metro gainditu eta “Suitzarra” marrarekin bat egin zuen. Ondoren, “O Sole Mio”-n sartu zen: «Nahiz eta “Suitzarra”-k 570 metro dituen, goiko zatian beste bidean sartu nintzen; izan ere, Aiguillettes korridoretik harri asko erortzen da. Segurtasuna lehenesten dut, eta aukera zentzuzkoena hartu nuen».

Abentura expres horren igoera soka erabili gabe egin zuen. Eta gainera, tresneria guztia bizkar zakuan eraman zuen, besteak beste, Grand Capucin rappelatzeko soka.