GARA Euskal Herriko egunkaria
ENDESA LIGA

Lointek Gernika Bizkaia, garaipenez blai

Zaleekin ospatu zuen Gernikak emaitza. (Oskar MATXIN | FOKU)

Emakumeen Endesa Ligako hirugarren jardunaldia jokatu zuten atzo euskal taldeek. Lointek Gernika Bizkaiak asteko hirugarren garaipena lortu zuen etxean, Bartzelona igo berriaren aurka latz sufritu ondoren: 79-70.

Ivana Racak taldea utzi zuen egunean eta Ane Esnalek min hartu, IDK Euskotrenek azkenean lortu zuen estreinako garaipena, luzapenean Cadi La Seuren etxean 72-77 gailenduta.

Aldiz, azken laurdeneko 5-9ko partzial baten erruz, Kutxabank Araskik ezin izan zuen Estudiantesen kantxatik ezer onik atera: 75-60 galdu zuen.

SUFRITZEN JAKIN

«Gorabehera asko izan ditugu eta hori zuzendu beharko dugu. Bartzelonak benetako taldea dela erakutsi du eta gure hanka-sartzeak gogotik zigortu ditu», onartu zuen, ia ahotsik gabe, Anna Montañana Lointek Gernika Bizkaiako entrenatzaileak.

«Hala ere, azpitik egon garen une horietan atzetik aurrera egiteko gauza izan gara eta hori oso positiboa da, aurreko bi partidak hain erraz irabazi ondoren beti horrela izan behar duela sinistera iristeko arriskua baitago», gaineratu zuen Valentziako entrenatzaileak.

Lointek Gernika Bizkaiaren defentsak 18 baloi galarazi zizkion Bartzelonari eta defentsa lan bikain horri esker hasi zen irabazten. Horrez gain, Ygueravide -18 puntu eta 8 asistentzia Hondarribia-Irun taldeko jokalari ohiak- eta Wojta -18 puntu eta 6 errebote- azaldu ziren Lointek Gernikak atzetik aurrera egin zezan.

BI GARAIPEN BATEAN

Birritan irabazi behar izan zuen IDK Euskotrenek Cadi La Seuren kantxan emakumeen Ligako estreinako garaipena lortzeko.

Izan ere, segundo eta erdi falta zela, Maria Españak 64-66ko saskiratzea lortu zuen eta talde katalana hutsarterik gabe zegoen. Hala ere, Laura Peñak bere saskipetik sekulako pasea eman zion Tunstulli eta honek Coulibalyk baloia moztu nahian egindako akatsa baliatu zuen berdintzeko.

Hala ere, gipuzkoarrek lanean serio eta beltz jarraitu zuten. Maria Españak luzapenean erakutsi zuen patxadak, puntuak eman ez ezik, une oro aurretik joateko balio izan zion IDK Euskotreni. Aldiz, Cadi La Seuri azkenerako astunegi gertatu zitzaion atzetik joan beharra.

PARTZIAL MALAPARTATUA

Emaitza nahiko gezurtia da, azken laurdenaren hasieran 50-51 arabarren aldekoa baitzen. Baina Madrilgo taldeak 16-0eko partziala sartu zion Madelen Urietaren taldeari eta akabo 30 minutuan egindako lan aparta.

Gasteiztarren bekaturik handiena galdutako baloiak izan ziren: orotara 17. Bestalde, Holopainek eta Van den Adelek defentsa oso zorrotza jasan zuten eta handik ere hautsi zen dema azkenean.