GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Unai Lasok aginte makila hartu du kaiolako estreinakoan

Baikoko aurrelariak erabateko nagusitasunez hartu zuen mendean Danel Elezkano. Zaratamokoak indartsu eta bizi hasi zuen partida, baina bere burua atzetik ikusi orduko hondoa jo zuen.


«Pare bat opari egin ditut eta horrelako aurkari baten aurrean ezin da pilotarik erregalatu». Penatuta agertu zen Danel Elezkano partida amaitu bezain pronto. Hondoa jo zuen Unai Lasoren aurka. Indartsu hasi zen, tantoak menderatzeko prest, arriskatuz, baina elkarren jarraian bi akats egin eta partida berdintzea ahalbidetu zion Lasori, zeinak apalago hasi zuen partida baina segituan biziberritu zen. 5-0ko partzial bat ezarrita «konfiantza» hartu zuen. Halaxe onartu zuen lehen puntua poltsikoratu zuenean, markagailua irauli izanak adorea eman ziola.

«Txisparekin aurkitu naiz», eta ez zaio arrazoirik falta Bizkarreta-Gerendiaingo pilotariari. Uda, lesioak tarteko, ez da izan espero bezalakoa. Lau eta Erdiko Txapelketaren aurretik ere pilotalekuetatik at eman behar izan ditu aste batzuk eta soilik bi partida jokatuta zetorren final-laurdenekoetara. Zalantzak zeuden zer nolako erritmoan itzuliko ote zen, baina kezka horiek segituan uxatu zituen.

Zabalera egin zituen sakeei ezin erantzunda ibili zen Zaratamokoa eta, Lasok eginiko bi akatsen ondotik markagailua estutu bazen ere (5-4), irudikeria soila izan zen. Animoz apal sumatzen zitzaion bizkaitarrari, amore emanda bezala. 8-4ko tantoan -a zer nolako tantoa- ondo borrokatu zen, eraman ezinezko ziruditen bi pilota altxatu zituen, baina azkenerako, nekeak kondenatu zuen, Lasoren mesederako.

ARAZORIK GABE

Hain izan zen tanto borrokatua -17 pilotakada bizi-, lehen atsedenaldia eskatu baitzuten pilotariek. Eta hortik bueltan erabaki zen partida. 10-1eko partziala sartu zion Lasok Elezkanori, zeina, burumakur, baliabiderik gabe geratu zen (14 pilota galdu zituen). Nafarraren akats apurren ondorioz ari zen goraka markagailuan Zaratamokoa, baina partida erabakita zegoen aspaldidanik. Beranduegi iritsi ziren Lasoren opariak (20-7) eta, hala, eroso biribildu zuen partida Baikoko nafarrak-

Hurrengo jardunaldian Aitor Elordiren aurka neurtuko ditu indarrak Lasok. Ezkurdiari irabazi zion mallabitarrak eta joan den urtean erakutsitako maila ez zela kasualitatea izan berretsi zuen. Horixe bera nabarmendu zuen Lasok ere: «Jende askok esan du ezustekoa izan zela, baina niretzat ez da izan hainbesterako; iaz erakutsi zuen nola jokatzen duen, Jokin Altunari ia irabazi egin baitzion».

Erabakigarria izango da partida hori, garaileak finalerdietarako txartela poltsikoratu dezakeelako. Danel Elezkanok, bestalde, Ezkurdiaren aurka jokatuko du. Bi hauek txapelketatik kanpo geratzea saihestu nahiko dute.