GARA Euskal Herriko egunkaria
BERA BERA

Gascak infernu itxura hartuta, garaipenera

Erauskinek hiru gol sartu zituen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Bera Bera eta Atletico Guardesen arteko ligako zortzigarren jardunaldia Sangriñako «infernuan» jokatu beharko litzateke eta, gainera, abenduan. Bi taldeek, ordea, egutegiari arnasa emateko, asteburu honetara aurreratzea adostu zuten eta, pabiloi galiziarra obretan dagoenez, lehendabiziko dema Donostian jokatzea hitzartu zuten. Bada, eskerrak Gasca infernu bilakatu den bere taldea garaipenaren bidera eramateko.

Egungo liga txapeldunak ezinbestekoa izan zuen publikoaren babesa, espero baino gehiago okertu baitzen partida lehendabiziko zatia. 1-5eko partziala aurka eta 13. minutuan oraindik soilik hiru gol eginda zegoen etxeko taldea, berriro ere korrontearen kontra igeri egitera behartuta. Defentsan sendotasuna faltatzeaz gain, erasoan ere ez ziren fin ibili, jokaldietan baloiak ihes egiten zien eskuetatik.

Hala, Imanol Alvarezek Emma Boada kantxaratu zuen eta segidan egin zituen bi golekin 6-7ra hurbildu zen Bera Bera. Berdintzeko baloia ere izan zuen, baina asmatu ez eta segidan hiru golera handitu zuen abantaila talde galiziarrak. Laura Hernandezek, 7 metroetatik, bi gol egin eta berriro ere estutu egin zuen markagailua eta, azken unean, Gascak infernu itxura hartu zuenean, Silva atezainaren geldiketa baten ondotik Maitane Etxeberriak 10-10eko gola egin zuen azken hatsean.

Bigarren zatia berdinketarekin hastea sekulakoa izan zen Bera Berarentzat eta 36. minutuan Mariane Fernandesen lehen golarekin -oso lehen zati apala egin zuen, baina bigarren zatian taldea bizkarrean hartu zuen- lehen abantaila lortu zuen Bera Berak. Etxeberriak aldea handitu eta bukaeraraino aurretik joan ziren, Miriam Semperek mamu batzuk berpiztu zituen arren. Azken txanpan, Alice, Gavilan eta Fernandes oso fin arituta, garaipena bideratu zuten.