GARA Euskal Herriko egunkaria

Musikaren negarrak


Sedukzioak gogor jotzen duenean, poz eta negarraren bidez energia asko askatzen da. Negarraren alderik baikorrenak ekar ditzake sedukzioak. Fermin Muguruzak zuzendutako “Black is beltza II, Ainhoa” filmak emozioaren negarrak eragin zituen Donostiako Belodromoan. Kontakizun politikoak, nostalgiak eta Iñigo Muguruzaren heriotzaren aipamenak bor-bor utzi zituen ikusle eta egileak arnasestuka. Jendea hunkituta.

Negar malkotan agertzen dira Bowieren hainbat zale porrokatu. Estreinatu berria den “Moonage Daydream” film dokumentalean, Brett Morgen zuzendariak ongi aztertu du kantari-artistaren ikuspuntu filosofikoa, estetikoa… Ez da biografikoa, baizik eta haren bizitzari buruzko ikuspegi zirkularra. Baina hutsuneak ditu. “Abuela maitea” abestia estreinatu zenean, irailean, Gaztea irratiak mezu asko jaso zituen. Emozionatutako entzuleek aitortu zuten negarrez bukatu zutela. Abestiaren sustapena egitera joan zen ETS taldeko Iñigo Etxezarreta. Gazteako elkarrizketatzailea hunkitu egin zen memento batean eta negarrez esan zituen azken bost hitzak. Zirrara izugarria. Denak hunkituta geratu ziren irratiko estudioan. Pozik, negarraren alderdi alaia izan zen, emozioarena. Kantu batzuek, seduzitzeaz gain, poztasun malkoetara garamatzate. Kantu askoren indarrak emozioari lotuta datoz.