GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

Pierria Henry, berriro akziora itzultzeko prest

Pierria Henry, pozik, Gasteizera iritsi berritan. (BASKONIA)

Pierria Henry jokalari estatubatuarra Gasteizen da jadanik. Atzo arratsaldean bere lehen entrenamendua burutu zuen, Joan Peñarroya teknikariaren aginduetara. Ostiralean, Euroligako bosgarren jardunaldian, berriz ere debuta egitea goizegi izan liteke, baina era berean ez da harritzekoa izango minutu batzuk jokatzea azkenean.

Henryren itzulerarekin Baskoniak kanpoko jokoan beste aldaera bat dauka, Thompson eta Howardekin uztartzeko. Azken hau, gainera, min hartuta dago, nahiz eta bere errekuperazioa lasterra izatea espero duen entrenatzaileak.

Jokalari estatubatuarrak bere burua prest ikusten du taldera batzeko. «Akziora itzuli gara. Maite zaitut, aupa Baskonia», adierazi zuen sare sozialen bitartez, klub gasteiztarrak zabaldu zuen bideoan. Irribarretsu agertu zen froga medikoak eta fisikoak pasatu aurretik, eta «gauza handiak lortzeko» iritsi dela ziurtatu zuen.

2019tik 2021era bitarte, bi denboraldi osoz jokatu zuen Baskonian. Zaleekin sekulako konexioa sortu zuen. Hala, Real Madrilen aurka garaipena erdietsi ostean, Henry bezalako jokalari karismatikoaren itzulera iragartzeak biribildu egin zuen igandea.

Fenerbahcen urte bete igaro ondoren, NBA liga estatubatuarrean hitzarmen bat lotzea zen Henryren asmoa; baina, itxi ezin izan duenez, azkenean Gasteizera itzultzea erabaki du.

ETXETIK KANPO

Euroligako bosgarren jardunaldian Asvel Villaurbanne taldea izango da Baskoniaren arerioa, Astroballen, ostiralean, 20.00etan. Bi egun geroago, Miribillan, euskal derbia jokatuko du Bilbao Basketen aurka, 21.00etan. Partida honetarako 272 sarrera eman dizkio Baskoniari Bilbao Basketek, eta talde gasteiztarrak bazkideen artean zozkatuko ditu. Doan izango dute Bilborako autobusa.

Etxetik kanpoko bi lehiak oso garrantzitsuak dira Baskoniarentzat. Joan den astean jokatu zituzten hiru partidetatik bi irabazteak indarra eman die. Hasierako emaitza on hauen arrazoia «jokalarien artean dagoen kimika ona» izan daitekeela adierazi zuen Daulton Hommes jokalariak.