GARA Euskal Herriko egunkaria
EKITALDIA

Mendeurrena gogoan ospatu dute Euskal Mendizale Federazioaren Gala

Altsasuko Mendigoizaleak eta Dantzaleku Sakana taldeen eskutik, XXVI. ekitaldia egin da Altsasun.

Besteak beste, EMF-ren eta «Pyrenaica» aldizkariaren sariak banatu dira.


Urtero legez, Euskal Mendizale Federazioak ekitaldi nagusia egin du. Eta aurtengo edizioa, 26.a, Altsasuk hartu du. Hain zuzen ere, Altsasuko Mendigoizaleak eta Dantzaleku Sakana taldeek antolatu dute euskal mendizaletasunaren festa ofiziala. Eta, ohiko egitarauaz gain, Nafarroako herri horretan egin den ekitaldiak mendeurren bat izan du gogoan; hots, Federazio Vasco-Navarra de Alpinismoren sorrerarena.

Hego Euskal Herriko lehen mendizale federazioa 1924. urtean sortu zuten eta, mendeurren hori betetzeko gutxi falta denez, Euskal Mendizale Federazioak eta Nafarroakoak bat egin dute ospakizun berezi bat egiteko. Prestaketa lanak hasi dituzte dagoeneko, eta azken hilabeteotan, gainera, hainbat ekimen egin dira.

Altsasuko ekitaldian EMFko presidente Zigor Egiak honakoa adierazi zuen: «1924an elkarrekin jaio ginen, eta 2016ko urriaren 9an, Euskal Herriko erdigune geografikoan, berretsi genuen ‘Besaideko Hitzarmenaren’ espiritua. Hitzarmen hori Euskal Herri osorako kirol eta kultur proiektu baten alde lan egiteko konpromisoa zen. Horregatik, aurtengo gala hau Altsasun ospatzea erabaki dugu. Euskal Herriko Mendi Biltzarra errealitate bihurtzen ari da, eta, gainera, organo horri gaitasun juridikoa emateko lehen urratsak egiten ari gara».

Ekitaldian, Erkudengo Ama abesbatzaren emanaldiarekin batera, hunkigarria izan zen oso Axio Aramburu eta Joxemi Larrea Sakanako mendizaleei eginiko omenaldia.

SARI BANAKETA

Euskal Mendizale Federazioak ematen dituen aitortzek hartu zuten lekukoa ondoren, eta banan-banan protagonista guztiak oholtzara igotzen joan ziren. Alpinismo-jarduera onenari ematen zaion Andres Espinosa saria Mikel Inoriza-rentzat izan da. Kirol eskaladako jarduera onenaren Angel Sopeña saria Patxi Arocenak eraman du, eta mendiko eskiarena (Andres de Regil) Gabriel de Regilek. Bestalde, iraupen luzeko ibilaldien Shebe Peña saria Alfonso Intxaustik jaso du, eta mendiko lasterketena, Aitor Elduaienek.

Goiena Mendi taldeak lortu du kolaborazio interesgarrienaren aitortza; emakume mendizaleei ematen zaien Loli Lopez Goñi saria Maialen Rojok eskuratu du, eta ibilbidearen sariak hiru protagonista izan ditu: Luisa Alonso, Ines Menendez eta Victor Vivar. Zendutako Jesus Maria Garisoainentzat izan da Euskal Mendizaletasunaren Adiskideak saria. Ohikoez gain, Altsasun bi sari berri banatu zituzten: Ibilketa nordikokoa Izaskun Bengoak jaso zuen, eta Segurtasun saria, Diego Dulantok.

EMFren sariei “Pyrenaica” aldizkariarenak batu zitzaizkien. Argazki-lehiaketako irabazlea Endika Larrazabal izan da, “Mont Blanc de Tacul. Serac bereizgarria” lanarengatik. Javi Diez bigarrena izan da “El bosque tremulo” irudiari esker, eta hirugarrena, Mikel Salaberria, “Oielekutik” argazkiagatik.

Mendiari buruzko artikuluen lehiaketan, berriz, Juan Manuel Perez de Ana (“Los bosques vascos y su historia”) izan da irabazlea; Endika Larrazabal-Andi Goti (“Hornli-Lion zeharkaldia”) geratu da bigarren eta Mamen Etxaniz (“The Great Himalaya Trail”) hirugarren.

Pyrenaica blogaren sarian, Ainhoa Lendinezen “Astra Zeneca” izan da bisita gehien izan dituen sarrera, eta sarrera gehien izan dituen kolaboratzailea, berriz, Javi Benito “Zieft”. Azkenik, Pyrenaicako emakumeen blogaren sarian, Esther Merinoren “Cascada helada de Baio” izan da bisita gehien izan dituen sarrera, eta Mati Sanz “Hamlet” sarrera gehien izan dituen kolaboratzailea.