GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Pilota mistoak gero eta toki handiagoa du txapelketetan

Larunbatean Legution hasiko den Lau eta Erdiko Master Laboral Kutxa txapelketan parte hartuko duten pilotarien %43k aukeratu dute pilota gogorragoarekin aritzea. 2019an %28 izan ziren.

Bilboko Itsas Museoan egin zuten txapelketaren aurkezpena. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Asteburu honetan Legution hasiko den Lau eta Erdiko Master Laboral Kutxa txapelketak argi uzten du gero eta gehiago direla pilota mistorako jauzia ematera ausartzen diren emakumeak. Atzo Bilbon jakitera eman zutenez, 65 emakumek parte hartuko dute izen-emate erabat librea izan duen txapelketan eta horietatik 28 arituko dira ikuskizun handiagoa bermatzen duen pilota mistoarekin; gainerako 37ak pilota goxoarekin arituko dira.

Oraindik emakume gehienek pilota goxoarekin jokatzen badute ere, portzentajeak asko orekatzen ari dira, aurtengo txapelketan mistoarekin jokatuko dutenak %43 baitira. Iazko datuekin alderatzen badugu, igoera nabarmena da, iaz %36 aritu baitziren mistoarekin, eta, zer esanik ez, alderaketa material hau lehen aldiz erabili zen 2019ko datuekin alderatuta, orduan %28 baino ez baitziren mistoarekin ausartu. Emakumeen esku pilota etengabeko garapenean dago eta datu hauek argi uzten dute modalitatearen etorkizuna non dagoen, formakuntzan pilota goxoak duen garrantzia inola ere baztertu gabe.

Baina pilotarien kopuruaz harago, pilotarien kalitatean ere azpimarra egin beharra dago eta, alde horretatik, aurtengo edizioak bi nobedade handi dakartza. Lehena ikaragarri pozgarria da, Laia Salsamendik atzean utzi duelako azkenaldi luze honetan kantxetatik at izan duen lesio larria eta Master Laboral Kutxa honetan parte hartuko duelako. Belauna txikitu aurretik, Uharteko Klubean hazitako Izabako pilotariak etorkizun handienetakoa duten pilotarietako bat zela argi utzia zuen eta ikusmin handia dago egungo espezialistarik onenen aurka eman dezakeen mailaren inguruan.

VARGASEB AUSARDIA

Bestalde, Daniela Vargas mexikarrak ere lehendabiziko aldiz jokatuko du pilota mistoarekin; herrialde horretako eta Amerika osoko lehen emakumea izango da material horrekin jokatzen. Beraz, Amaia Aldaik inoiz baino lehia handiagoa izango du iazko txapela berriro irabazteko ahalegin horretan; parean izango ditu, besteak beste, Olatz Arrizabalaga, Enara Gaminde, Miriam Arrillaga -zilarrezko domina jantzi berri du Munduko Txapelketan frontball-ean- edo Leire Garai, azken bi hauek Biarritzeko munduko txapelketan aritutakoak. Iazko rankinga kontuan izanda antolatu da Lau eta Erdiko Master Laboral Kutxa hau eta Arrizabalaga, Gaminde, Arrilaga eta Aldai zerrendaburu izango dira.

Finalerdiak Abadiñon jokatuko dira abenduaren 4an eta final handia, berriz, Zornotzan izango da, abenduaren 10ean arratsaldez. Azken bi jaialdi hauek ETB-1ek zuzenean emango ditu.