GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Altunak irabazi, ikuskizunak galdu

Jokin Altuna Lau eta Erdiko Txapelketaren finalerdietan da zazpigarren urtez jarraian. Amezketarrak aise menderatu zuen egun benetan txarra izan zuen Dario. Sakez hamar tanto sartu zizkion, ordu erdi eskaseko iraupena izan zuen neurketan.

Altuna eta Darioren arteko agurra amaieran. (Gorka RUBIO | FOKU)

Jokin Altuna Lau eta Erdiko Txapelketaren finalerdietan izango da zazpigarren urtez jarraian. Amezketarrak 22-3 menderatu zuen atzo Tolosan Dario Gomez, ahazteko moduko eguna izan zuen errioxarra, eta Aitor Elordiren aurka neurtuko ditu indarrak datorren igandean, Bilbon, finaleko bigarren txartelaren bila.

Altuna oso faborito irten zen Beotibarren, baina inor gutxik espero zuen gero kantxan gertatu zena. Irabazi ala ez, Dariok estualdi bat behintzat eman nahi zion amezketarrari, baina ez zen horrelakorik izan. Ordu erdi eskas iraun zuen 113 pilotakada besterik izan ez zituen partidak

Lehen sakea Altunari egokitu zitzaion eta berehala hasi zen tantoak pilatzen, ondo sakatuz eta aurreko asteburuan egindako neurketa txarra ahaztuz. Aurreneko tantoan Dariok pilota erraza behera bota zuen, bigarrena sake oso on batekin egin zuen Altunak, hirugarrena ere sakez…

Gainera zetorkiona aurreikusiz, Dario saiatu zen Altunari kilimak egiten, errestoan aurrera eginez batzuetan, atzera besteetan, atseden taktikoren bat eskatuz… Baina kontua da lehen atsedenaldi luzera 12-0 iritsi zela norgehiagoka, 46 pilotakada bakarrik jota eta hamar minutu eskasean. Ordurako zortzi tanto sakez eginda zituen Altunak.

Dario aldageletara sartu zen Asier bere anaiarekin, hasiera tamalgarri hori ahaztu eta berriz ere hutsetik hasteko helburuarekin, baina neurketa ez zen batere aldatu. Eta Dario bera izan zen, markagailuan gertatzen ari zenaz jabetuta, gero eta urduriago ibili zena.

Bigarren atsedenaldi luzera ere tantorik egin gabe iritsi zen errioxarra, 18-0, eta azken txanpan sikiera hiru tanto egiteko aukera izan zuen, Altunak emandako erraztasunengatik.