GARA Euskal Herriko egunkaria
ITSASOA

Alex Uranga eta Mikel Egiguren Euskadiko bodyboard txapeldun

Urangak eta Egigurenek irabazi zituzten open eta 18 urtez azpikoen txapelak larunbatean Itzurun hondartzan egin zen Euskadiko bodyboard itzuliko bigarren txapelketan. Horrekin batera, «2022ko Euskadiko txapeldun» titulua ere lortu zuten.

Mikel Egiguren garaile 18 urtez azpiko kategorian. (EUSKALSURF.COM)

Olatu ederrak eta giro bikaina izan ziren pasa den larunbatean Zumaiako Itzurun hondartzan. Euskadiko bodyboard itzuliko bigarren proba egitearekin batera, irabazleek Euskadiko txapela eskuratuko zuten; beraz, egun handia zen bodyboardzaleentzat.

Hondartzaren ezkerraldean jasotzen den ezker olatu borobila bere hoberenean zen eta lehiakideek etekin handia atera zioten, batzuek tuboak egiten eta besteek aireko ikusgarriak egiten. Kategoria irekian zein gazteen kategorian maila handia erakutsi zuten lehiakideek eta ikusmina ere sortu zen azken urteetan bodyboardak indar handia hartu duen Zumaiako herritarren artean.

OPEN MISTOA ETA GAZTEAK

Kategoria irekia mistoa izan zen. Nesken txapelketa egiteko beharrezko lehiakide kopurua ez zen lortu; ondorioz, izena eman zuten neskak mutilekin lehiatu ziren. Parte hartzea zabala izan zen: ia 40 bodyboardzale itsasoratu ziren.

Hondartzaren mendebaldean dauden haitzek eta labarrek sortzen dituzten erreboteek bodyboardzaleentzat bikainak diren olatuak altxatzen dituzte eta lehiakideek olatu indartsu horiek baliatu zituzten airekoak egiteko.

Bi erronden ostean finalera iritsi ziren lau lehiakideek bodyboarda sasoi onean dela erakutsi zuten. Lehia handia izan zen, guztiak oso ongi aritu ziren eta puntuazioetan ez zen alde handiegirik izan. Azkenean, Alex Uranga zumaiarra nagusitu zen eta Euskadiko txapela ere eskuratu zuen.

Bigarren postua Ayoub Adardour bizkaitarrarentzat izan zen. Hirugarren eta laugarren postuak ere bi zumaiarrentzat izan ziren: Jon Lopez eta Xabier Urrestilla. Gauzak honela, maiatzaren 22an Bakion egin zen Euskadiko bodyboard zirkuituko lehen probako emaitzak kontuan hartuta, Alex Odriozolak rankingeko lidergoa galdu du eta bere lekua Ayoub Adardourrek hartu du.

Dozena bat lagunek parte hartu zuen 18 urte azpiko kategorian eta Mikel Egiguren izan zen garailea; horrela, Euskadiko txapela ere irabazi zuen. Bigarren postua Unax Pascualentzat izan zen eta hirugarren postua Ethan Perezentzat. Laugarren postuan, Oihan Alkorta geratu zen.

Zumaiako probaren ostean ez da aldaketa nabarmenik izan Euskalsurf Body Gazte zirkuituko mutilen rankingean. Bakion garaile izan zen Ethan Perezek jarraitzen du rankingeko buru, eta bigarren postuan, Unax Pascual aurkitzen da.

Euskalsurf Body zirkuituko hurrengo txapelketak datozen asteetan egingo dira. Hirugarren txapelketa Ereagan izango da azaroko bigarren edo hirugarren asteburuan. Hau da, itsasoko baldintzen arabera, azaroaren 19 eta 20 bitartean edo azaroaren 26 eta 27 artean egingo da txapelketa.

Horren ostean, denboraldiari amaiera ematen dion Mundakako txapelketa izango da eta soilik open kategoriako lehen zazpi sailkatuek eta gazteen kategoriako irabazleak parte hartu ahal izango dute. Mundakako txapelketa abenduko lehen hiru asteburuetako batean egingo da.