GARA Euskal Herriko egunkaria

Intsumisio garaia


Euskal selekzioak parte hartzeko eskubidea izango duela iragarri ostean aurrerantzean zertaz idatziko dudan galdetu zidan batek baino gehiagok. Hasiera batean justu kontrakoa izango zela pentsatu nuen, eta honakoa erantzun nion haietako bati: «Orain hasten da rock and rolla».

Esan nahi nuena da euskal selekziorik ez dugulako beti negarrez aritu ordez, behingoagatik zerbait egiteko aukera parez pare ireki denean gai horren inguruan idazteko oraindik eta arrazoi gehiago izango dudala, baina denbora pasa ahala gero eta zalantza handiagoak ditut.

Espainolak hasi dira zaunkaka. Sarri esaten didate ez orokortzeko, espainol guztiak zaku berean sartzen ditudalako, baina horrela da, ez da soilik espainiar Estatua, edo Gobernua, edo administrazioa edo politikariak, edo federazioetako bozeramaileak edo bestelako ordezkariak... euskaldunez ari direnean denak berdin ari dira, baita herritar soilak ere. Ia ikusezinak diren salbuespenek ez dute ez orokortzeko arrazoi sendorik ematen.

Uste dut goi mailan lehiatzen ari diren surflariek kezkaz hartu zutela albistea. Sare sozialetan dituzten kontuetan begiratu nuen eta inork ez zuen deus esan. Surflarien artean eztabaida tabu bilakatu da. Surf albisteak eta iritzi artikuluak argitaratzen dituzten webguneetan ere ez dute deus aipatu. Soilik surflari espainolei entzuten zaie gai honen inguruan sekulakoak esaten, zeren haserre daude, badakite euskaldunik gabe orain artean egin dutena baino erridikulu handiagoa egingo dutela.

Badirudi zama osoa kirolariengan erori behar dela, eta zentzu horretan ulertzen dut haien ardura, zeren isunak eta zigorrak jaso ditzakete. Ez dut ikusten haien artean ondorioei aurre egiteko inor dagoenik, baina hala eta guztiz ere guztion babesa merezi dute.

Aitzitik, txintik ez esateak eskaskeria erakusten du. Ziur aski, beldurraz harago, ezjakintasun politikoaren ondorioa ere izango da, ez baitago ezjakin politikoa baino gauza eskasagorik. «Politikaz paso» egiten duenak matraileko ederra hartzen du, lehenago edo beranduago, politikak berataz ez duela «paso» egiten ohartzen denean.

Eta berriz nire lagun espainolengana itzultzen naiz. Gaur egun, han behean eta hemen, soldaduska derrigorrezkoa ez bada, batez ere euskaldunok burura eraman genuen mugimendu intsumisoagatik da. Espainiako edozein hiri handitan zegoen intsumitu kopurua Euskal Herriko edozein herri txikitan baino eskasagoa baitzen. Orain ere intsumisioa bultzatzeko unea da, baina zoritxarrez ez dut giharrik ikusten. Bulegoetan urrats esanguratsuak egin dira, baina kalean ere lan egiten hasteko garaia iritsi da.