GARA Euskal Herriko egunkaria

Irakurgai mailakatuen sailean bi liburu berri argitaratu ditu Elkarrek

Andoni Tolosaren “Maleta bat igogailuan” eta Miren Agur Meaberen “Elurraren promesa” liburuak dira Arian irakurgai mailakatuan saileko 33. eta 34. aleak. Euskara ikasleentzat sortutako irakurgaiak dira eta testuak, ilustrazioak eta ariketak uztartzen dituzte.

Miren Agur Meabe eta Andoni Tolosa. (Gorka RUBIO | FOKU)

Elkar argitaletxeak “Arian irakurgai mailakatuak” saileko bi liburu berri aurkeztu zituen, atzo, euskaltegiko ikasleen aurrean. Andoni Tolosaren “Maleta bat igogailuan” liburua A1 mailako ikasleentzat da, eta Miren Agur Meaberen “Elurraren promesa” A2 mailakoentzat. Arian saileko 33. eta 34. aleak dira. Euskaltegietako ikasleei bideratuak dira testuak, ariketekin, irudiekin, hiztegiarekin eta audio-liburuekin lagunduta.

Tolosaren eta Meaberen ustez, erronka handia da euskara ikasten ari diren horientzat idaztea, baina erronka polita. Bakoitzak bere ohiko estilotik aldendu behar izan du pixka bat, euskaltegietarako material erabilgarria izatearen helburura egokitzeko.

Hector, Ines eta Inexa

Hectorren egunerokoa idatzi du Tolosak. Euskara ikasteko euskaltegira doan ikaslearen «ikasturteko kronika» dela azaldu zuen. Euskaltegiak ez direla «hizkuntza akademia hutsak» aldarrikatu zuen Tolosak, eta, horregatik, hango lagunen eta protagonistaren egunerokoak ere jasotzen ditu.

Meabek bi bizitza jaso ditu liburu bakarrean. Ines da protagonista; auto istripu bat izango du elurraren eraginez, eta Erdi Aroan esnatuko da. Han Inexa izango da, eta berriro etxera itzultzeko abenturak kontatzen ditu liburuan.

Bi idazleek azpimarratu zuten euskara ikasteko abestiek daukaten garrantzia, eta indartu beharrekoa iruditzen zaie euskal kantutegian «katebegi bat galtzen» ari delako. Tolosaren kasuan, hilabete bakoitzean kantu bat proposatzen du. Eta Meabek Zuberoako kantu zahar bat sartu du, “San Joseferen ermitan”.