GARA Euskal Herriko egunkaria

«Matrikulen gerra» Balkanetan


Hilabeteak daramatza Kosovoko Gobernuak ibilgailuei herrialdeko matrikula ofiziala jartzeko agindua betearazi nahian, eta, gutxiengo serbiarraren aurkako jarrera ikusirik, Europako Batasunak muga-epea atzeratzen.

Azkena joan den asteburuan iragarri zuen Pristinako Gobernuak, eta benetan azkena izango dela ohartarazi zuen. Azaroaren 21etik aurrera isuna jarriko die matrikula serbiarra eramaten dutenei. Eta apirilaren 22az gero Kosovoko matrikula ofiziala erakustea nahitaezkoa izango da.

Bide batez, Albin Kurti albaniarraren Gobernuak kargutik bota egin du Kosovoko iparraldeko gutxiengo serbiarraren polizia burua, Nenad Djuric.

Horrek hautsak harrotu ditu oraindik 150.000 serbiarrek osatzen duten gutxiengoaren artean. Lehen indarra den Zerrenda Serbiarrak (Sprska Zerrenda) Pristinako Gobernutik eta Parlamentutik alde egin du eta Kosovoko iparraldeko lau udaletako kargu guztiak utzi egin ditu. Gogoratu, gutxiengo serbiarraren erdia baino gehiago iparraldeko Mitrovica inguruan bizi dela.

Kosovok Serbiari egotzi dio matxinadaren erantzukizuna, baina 2013an Bruselan serbiarren udal-elkargoa osatzeko Pristinak onartu zuen akordioa bete ez izana leporatu dio Belgradek.

Esan gabe doa, Vetevendosje (Autodeterminazioa albanieraz) alderdiaren buruzagia den Kurti lehen ministroak ez duela gutxiengoaren haserrea leuntzeko asmo handirik, bere garaian Serbiak ekin zion albaniarren aurkako garbiketa etniko bera pairatzea tokatu zaion gutxiengoari.

Ukrainan ere antzera gertatu zen. Ukrainar abertzaletasuna aldarrikatze aldera, gutxiengo errusiarra eta errusiera bera baztertu egin zituen Kievek, Moskuri gutxiengo horiek beren interesen arabera erabiltzea ahalbidetuz.

Errusiak berehala egotzi die EBri, NATOri eta AEBei Balkanetako giroa nahastea. Aitzitik, giroa baretzeko dei egin du Mendebaldeak. Baina potentzia arrotzen protektoratuaren kontrakoa den Kurtiren alderdi independentistak ez dio jaramon handirik egin.

Dena den, badirudi Kosovon bizi diren serbiar askok ez dutela aitzakia handirik behar. Aurreko asteburuko manifestazio jendetsuetan lelo bat nagusitu da: «Hau Serbia da!».

Joan dadila nahi duena, hauei autoan Kosovoko matrikula jarri behar dutela konbentzitzera... Kontuz, bihurguneak datoz.