GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Merkatua ez da baliagarria osasungintza eratzeko


Estatu frantseseko osasun sistemaren antolaketa ez dator bat Estatu espainiarrean dagoenarekin, baina Ipar Euskal Herriko biztanleek Hegoaldekoen antzeko gabeziak dituzte. Medikurik eza da garrantzitsuena, espezialitate batzuetan batez ere. Defizit hori larriagotu egiten da barnealdeko landa eremuetan. Hala ere, Hendaia bezalako kostaldeko herri batek ginekologia zerbitzurik ez izateak, azken espezialistak erretiroa hartu zuenetik, duela lau urte, erakusten du arazoa landa eremuen eta hiri eremuen arteko desoreka baino askoz sakonagoa dela. Profesionalik ez izatearen arrazoia da, neurri handi batean, biztanleria dentsitate txikiko eremuetan medikuak instalatzearen kostua kontuan hartzen duen plangintzarik ez egotea. Horri sektore pribatuak egiten duen presioa gehitu beharko litzaioke.

Bestalde, mediku eskasia arazo endemikoa izanik, Parisko gobernu guztiak sendagile instalazioa sustatzen saiatu dira, oso garestiak izan diren prezioei buruzko politikak erabiliz. Zenbait azterlanen arabera, politika horiek ez dute eraginik izan tokiaren aukeraketan, baina medikuek irabaziak areagotu dituzte. Politika horren porrotaren adibideetako bat Ipar Euskal Herria da. Gainera, Frantziako sistema bereziak tarifa desberdinak ditu, medikua Gizarte Segurantzak ezarritako baremoetara egokitzen den edo libreki egiten duen kontuan hartuta. Horren ondorioz, mediku batzuk sistemaz baliatzen dira, eta herritarrek «tarifa abusua» deritzotena pairatzen dute, funtsezko mediku zaintzak jasotzen dituztenean. Jakina da osasun kontuetan jendeak edozer ordaintzen duela, premiazko egoera bati aurre egin behar dionean.

Irizpide ideologikoen gainean eraikitako Frantziako osasun eredua, garestia izateaz gain, ez da eraginkorra. Argi dago merkatu mekanismoa kopiatzen duten sistemek huts handia egiten dutela, osasuna bezalako funtsezko zerbitzu publikoak antolatu behar direnean. Kasu horietan, ezinbestekoa da plangintza publikoa izatea, zerbitzu medikoen oinarrizko multzo bat aintzat hartuko duena eta zerbitzu sariak kobratzeko gehiegikeriei mugak jarriko dizkiena. Osasun eredu publikoa beste oinarri batzuekin eraiki behar da.