GARA Euskal Herriko egunkaria

«Souvenir, komeria estralurtarra», Horman Poster kolektiboaren antzezlan berria

Simulazio zientifikoen laborategiaren eta parke tematikoaren arteko kanpamendu bat aurkituko dute ikusleek agertokian, Horman Poster kolektiboaren obra berrian. “Souvenir, komeria estralurtarra” antzezlana gaur estreinatuko da Arriaga Antzokian.

Aizpuruak, De Pedrok eta Agirrezabalak gorpuzten dute espazioko turismoaren gogoeta. (Aitane GOÑI)

Burua ametsez beteta duen hirukotea da obrako protagonista. Espazioko ametsez. “Astronauta” bihurtuko dira. Zientzia fikzioa eta umorea eskua emanda landu dute gaia. «Komikoa egiten zaigu zelako ingenuitatez hartzen ditugun zenbait aurrerapen teknologiko. Metaversoa... hemen eta beste nonbait egotearen fantasia da. Betaurrekoak jantzi eta errealitate birtualaren bitartez beste nonbait egon gaitezke, mundu honetatik ihesi; arazo lurtarretatik ihes egin dezakegun fantasia da. Zientzia fikzioa dagoeneko hemen da!», adierazi du Matxalen de Pedro aktoreak.

Berarekin batera, Xanti Agirrezabalak eta Maite Aizpuruak gorpuzten dute espazioko turismoari buruzko gogoeta egiten duen euskarazko antzezlan hau. Igor de Quadra aritu da zuzendari lanetan, eta Jon Ander Urresti zuzendari laguntzaile.

Antzerki konpainiak ohikoa duen gisan, kritika soziala ez da falta lan honetan. Noizbait espaziora bidaiatzeko esperantzarekin, entrenamendu kanpamendu batera doazen hiru pertsonaia hauen misioa da beste planeta batean utzi nahiko luketen aztarnaz hausnartzea. Simulakroen eta prototipoen bitartez galderari erantzuten saiatzen diren bitartean, beraien prestaketa, ametsak, helburuak, barne gatazkak, galdutako koherentzia eta irabazitako bizipenak azalduko dira.

Airean, galderak. Zein litzateke, beste planeta batean, gure ondare miragarriaren oroigarria edo souvenirra? Zer nolako aztarna utzi nahiko genuke beste planeta batean? Nolakoa litzateke bizitza lur estralurtarrean antolatzea? Gure arbasoen desira koloniala beste planeta batean errepikatzeko beharra ote dugu? Ba al dago horrelako bidaia baterako entrenamendurik? Eta bitartean, prest al gaude turismo estralurtarra jasateko?

Irudiek, harremanek eta objektuek markatu ohi dute kolektiboaren obra berri bakoitzaren prozesuaren hasiera. «Ez dugu antzerkia testutik abiatuta sortzen. Irrika bat izaten da abiapuntua. Iruditeria sortzen hasten gara, eta plastikoki bilatzen hasten gara zer-nola kontatu. Hor, batzuetan, testuaren premia sortzen zaigu», kontatu du De Pedrok.

Bilbo, Bermeo, Zumaia, Azpeitia... «Euskal Herriko puntu oso turistizatutakoak» dira kolektiboko kideak. «Ardura geneukan turistifikazioaz, eta horrek inguruneari nola eragiten dion», esan du aktoreak.

«Baliabide naturalen neurri gabeko ustiapena, aldaketa klimatikoa, biodibertsitatea desorekak, gatazka ekologiko, politiko eta ekonomikoen ondorengo giza migrazioak... Guzti hauek planetaren ‘aro’ berri baten ikurrak dira. Ekoantsietatea pairatzen dugun bitartean, unibertsoaren handitasunaren irudiak gero eta zehatzagoak dira (James Webb teleskopioari esker, adibidez), eta B planeta berri baten itxaropenak espezie intergalaktikoa izateko gure desira kolonialistak berpiztu ditu», taldekideen esanetan.

Umoretik

Aurreko ekoizpena “Antigone” izanik, tonu aldaketa eskatzen zien gorputzak, eta komediara jo dute oraingoan. «Zerbait arinagoa nahi genuen. Eta muturrera jo dugu. Mutur horretan bidaiaren esperientzia, esplorazioa... denok daukagun fantasia, turistak garenean. Eta horren muturra izango lirateke orain berriz modan dauden espaziorako bidaiak. Gai horri etekin ekonomikoa ateratzeko astronauta analogoen kanpamenduak daude; batzuek oinarri eta interes zientifikoa izango dute, baina badira esperientzia xelebrea edo besterik eskaintzen duten kanpalekuak. Toki estu batean denboraldi batean zehar egon, eta sinetsi beste planeta batean daudela. Sekulakoa da! Badago jendea Lurrean beste planeta batean egotera jolasten», esan du irribarrez.

«Beste planeta batzuetara iristea oraindik lortu ez dugunean, kolonizazioari buruzko hausnarketa on bat? Arriskutsua da Martitzera joatea, hango mendiei eta bailarei ‘Euskadi’ izena jartzera», bota du.

Taldearen ibilbidea jarraitu duenak ezagutzen du hizkuntza eszenikoa eta estetika nola zaintzen dituzten. Egindako bidean, hizkuntza eszenikoa berritzea izan dute helburutzat: «Zerbait kontatzeko eta hausnarketa eragiteko beti estrategia berdinak ez erabiltzen saiatzeak etengabeko ikerketa eta ikasketa eskatzen du».

Off-eko narrazioa, eszenografia soilak eta dinamikoak, gorputza eta ahotsa eraldatzen duten jantziteria eta objektuak, mugimendu koreografiatua, eta eszena koral nahiz bakarkakoak musikaz lagunduta. Elementu hauen bitartez osatu dute unibertso paraleloa.

Bilboko Arriaga antzokian estreinatu ostean, Azpeitian (azaroak 13), Errenterian (azaroak 26), Zumaian (abenduak 2), Getxon (urtarrilak 13) eta Donostian (martxoak 4) izango dira.

Bitartekaritza

Hamabi urteko ibilbidea du Horman Poster kolektiboak. Hezkuntzaren alorrean ere proiektuak gauzatzen dituzte, arte bitartekaritzaren bidez. «Ikastetxeekin, aisialdiko taldeekin eta emakume taldeekin..., testuinguru oso desberdinetan tailerrak egiten ditugu gai jakin baten inguruan hausnartzeko, erreminta arte eszenikoa izanik. Jendeak askotan ez du antzerkira hurbiltzeko interesik. Eta ezin duzu antzerkiaren bitartez soilik jendea sentsibilizatu», uste du De Pedrok.