GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Ratioen jaitsiera erreal eta eraginkorra ezinbestekoa da


Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitaterako Itunak, egun, honelako ratioak (ikasgela bakoitzeko ikasle kopurua) ezarriak ditu: 25 ikasle Haur eta Lehen Hezkuntzan, 30 Bigarren Hezkuntzan eta 33 Batxilergoan. Jaiotza-tasaren beherakadak ez dakarkio aurreikuspen onik ikastetxe askori: talde gutxiago, ikasgelen itxiera eta irakasleen galera. Horregatik, kalitatea eta lanpostuak mantenduko badira, ratioak benetan eta modu eraginkorrean jaitsi behar dira.

Era berean, ratioen jaitsiera horrek eragin zuzena izango luke ikasleen aniztasunari eskaintzen zaion arretan. Kontseilariari askotan entzun izan diogun kontzeptua da hori, harrotasunez beterik botatzen duena, baina egiazki, beharrezko diren baliabideak jartzen ez diren bitartean, praktikara eraman ezin dena. Premia bereziak dituzten ikasleek hainbat espezialistaren (PTak, orientatzaileak...) laguntza erreal eta inklusiboa behar dute; arreta ia guztia halako gainzama duten hezkuntza-laguntzako espezialisten bizkar utziz gero, ezin da aurrera egin, eta hori da gaur egun gertatzen dena. Iritsi da ordua Departamentuak hainbatetan errepikatu dituen edukirik gabeko hitz hutsak alde batera utzi eta behingoz ikasleen aniztasunari behar bezalako erantzuna emateko.

Gaur egun irakasleek pairatzen duten zama burokratikoa ere ezin dugu ahaztu, ikasleei behar bezalako zerbitzua emateko enegarren traba baita. Egun, baina bereziki Lomce indarrean sartu eta ikastetxeetan lehenbailehen aplikatzeko agindua jaso genuenetik, irakasleek gero eta denbora gehiago eskaintzen diegu lan burokratikoei (nahiz eta askotan espedientea betetzeko baino ez izan), eta gutxiago irakasle-lanean aritzeari. Ratioen jaitsierak, beraz, ikasleentzako zuzeneko arreta hobetzea ekarriko luke, nahiz eta egungo karga burokratiko handiegia, kasu askotan zalantzagarria dena, mantendu.

Azkenik, LABek salatu nahi du irakaskuntzako eskola-orduak Rajoyren gobernuaren murrizketek ezarri zituztenak direla oraindik ere. Duela bi ikasturte, Nafarroako Hezkuntza Departamentuak egoera hori aldatu zuela saldu zigun, baina egiazki irakasleok bi eskola-ordu gehiagorekin jarraitzen dugu (23+2 Haur eta Lehen Hezkuntzan, eta 18+2 Bigarren Hezkuntzan). LABek exijitzen du lanaldiko orduen leheneratzea benetakoa eta eraginkorra izan dadila, tranparik eta amarrurik gabe.

Horregatik guztiagatik, eta jaiotza-tasaren etengabeko beherakada kontuan hartuta, LABek ratioen benetako jaitsiera aldarrikatzen du, lanpostu guztiak mantentzen direla bermatuta (irakasleenak nahiz ez-irakasleenak), aniztasunari benetako arreta eman ahal izateko eta irakasleek beren gain hartu behar dituzten zuzeneko irakaskuntza-lanak eta burokrazia-lanak bateragarriak izan daitezen. Azken batean, ratioen jaitsiera eraginkorra erreibindikatzen dugu, ikasle guztien premiak hezkuntza-sistemaren erdigunean jarriko dituen kalitatezko hezkuntza-zerbitzu publikoa bermatzeko.