2022 AZA. 15 La Caleta Joxemari CARRERE Ipuin kontalaria Behin batean Cadizko jaialdi batera deitu zidaten ipuin kontaketan. Beste saio batzuen artean egokitu zitzaidan DBHko bi ikastetxetara joatea. Bata, eliza katolikoarena, bestea, publikoa. Lehen eskolara heldu eta zuzendaria zen Señor Don batek aretora lagundu ninduen. Patioa zeharkatzean ikasle talde bat ikusi nuen Tai-chi egiten, denak eskolako txandal txukunarekin. Aretoa berri-berria zen, besaulki dotoreekin eta eszenatokia are dotoreagoa. Saioa nola joan zen ez dut ondo gogoan, baina ikasle uniformatu haiek, denak mutilak, zirrara berezirik ez zidaten eragin. Bigarrena, La Caleta institutu publikoa zen. Izen bereko hondartzaren ondoan, eta arkitektura bitxi samarrarekin. Zuzendariak hartu ninduen. Pasiloetatik barrena ikusi nituen horma koloretsuak ikasleen lanekin; hamaika koloretako ikasleak hamaika kolorerekin jantziak. Eszenatokia sumatzen zen brikolaje moduan egina zela. Gerora jakin nuen antolatzaile baten bikotea eta beste ikasle ohien artean auzolanean egina zela. Saioa bizia eta ederra izanaren oroimena daukat, ikasle eta irakasle gertukoekin. Eta aurreko ikastetxearekin gogoratu nintzen, hain distantzia laburrean desberdintasun sozialak hain agerian ikusteaz kezkatuta. Eta noski, horrek badu eraginik kontatzerakoan. Nori, nondik, nola kontatzen duzun badu zerikusirik zuk jendartean eta eszenatokian zure lekua non dagoen argi baduzu. Eta nire lekua La Caleta ikastetxe publikoan zegoen.