GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

Monakoren aurkako garaipena hatz artetik joan zaio Baskoniari

Azken minutuetara aurretik iritsi dira gasteiztarrak, baina ez dute asmatu aurkariaren defentsa gogorrari aurre egiten, ezta Elie Okobo gelditzen ere.

Diez izan zen Baskoniako onenetakoa. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Merezimenduak egin zituen bart Saski Baskoniak AS Monakoren kantxan, baina hatzen artetik ihes egin zion garaipenak. Azken minutuetan 66-69 aurretik ziren Joan Peñarroyarenak, baina azken une horietan AS Monakok asko gogortu zuen defentsa, eta Elie Okobo azaldu zen markagailuari buelta emateko.

Ez ziren gauzak ondoegi hasi, Darius Thompsonek nahi baino arinago bi falta egin ostean, aurrez zazpi puntu sartu eta gero. Hala ere, Baskoniak defentsan ez zuen lekurik galdu eta Mike Jamesek ere saskirako bidea errazegi aurkitu bazuen ere, erantzuna berehala iritsi zen. 20-14 atzetik egotetik, lehenengo laurdena 20-24 amaitu zen, gasteiztarren alde. Dani Diezek hegal-pibot postuan lan oso txukuna egin zuen, batez ere defentsan eta errebotean sendotasuna emanez taldeari, Sedekerskis eta Costellorekin batera.

Alabaina, bigarren laurdenarekin Baskoniaren zenbait aje agerian geratu ziren. Pertsonalak errazegi pilatu zituen talde gasteiztarrak eta modu horretan puntu erraz larregi pilatu ere bai Monakok. Horrez gain, Ouattara eta Elie Okobo arazorik gabe mugitu ahal izan ziren, Howarden defentsa eskasa baliatuta.

Erasoan Pierria Henryk etorri bikain askoa zuen, baina markagailuan aurrea zeinek hartuko sokatira horretan AS Monakok atera zuen abantaila. Baskoniak 28 puntu «irentsi» zituen bigarren laurdenean. Txarrenera ere, atsedenaldian 48-45 atzetik Peñarroyarenak.

OSO HURBIL

Atsedenalditik bikain itzuli zen Saski Baskonia. Defentsan sendo eta erasoan Henry eta Kotsarren artean 0-8ko partziala lortu zuten Peñarroyarenek.

Tamalez, alde handiagoa atera ezinik geratu ziren arabarrak eta AS Monakok esnatzea lortu zuen Hall, Okobo eta Diallo kantxara atera zirenean: 58-63 laurdenaren amaieran.

Kotsar kantxara itzulita beste ahalegin bat egin zuen Baskoniak, baina AS Monakok Elie Okobo antolatzaile aurkitu zuen azken minutuetara begira. Pierria Henryk min hartu zuen kontraeraso bat antolatzen ari zela, eta Markus Howardek ez zuen inola ere saskiratzen asmatu. Azkenean, jaurtiketa libreen bidetik joan zitzaion partida Baskoniari.