GARA Euskal Herriko egunkaria

Super


Arrunt gozagarria zait noizbehinka Ahotsak.eus orrialdera sartu eta grabazioetan agertzen direnen istorioak entzutea. Gozatu nuen ‘‘Kipuliotxu’’ ipuina entzuten Zornotzako bi ahizparen ahotik. Txikitan amak kontatutako ipuina oraindik gogoan zuten. Erabiltzen duten hizkuntza eta kontatzeko modua apartak dira. Gure amak bere amari entzundako ‘‘Kukubiltxo’’ istorioa maitagarri bihurtzen da bere ahoan. Oroimenaren lurralde txit zoragarriak.

Arras samurra egin izan zait beti haurrek istorioetan murgiltzeko duten ahalmena. Euren aurpegietan fantasiaren urrutiko lurraldeak islatzen dira, non dena den posible. Horrelakoetan, itxaropena izaten dut ipuina entzundako unea beren haurtzaroko oroimen ederra bihur dadin, eta euren aurpegiak zimurrekin aberasten direnean kontatuko dutela, irribarreak lagun.

Hagitz liluragarria zait nerabeek, euren arreta lortutakoan, ipuinak kontatzerakoan hartzen duten jarrera. Etxe zahar batean hildakoak deitzeko “ouija” taula baten buelta bildutako gazteei gertatutakoa; Amazoniako ipuin erotikoa; hilerrian gertatutako pasadizoa. Edo ‘‘Txano Gorritxo’’. Haur izandako eta heldu bidean diren pertsonek erakusten digute fantasiaren bideek euren bizitzetan leku bat badutela.

Zeharo jasangaitza egiten zait super-ondo, super-zaila, super-txatxia, super-polita eta antzeko superlatibokeria. Istorioak kontatzean hitzen hamaika kolorez janzten da iruditeria; horregatik, hizkuntzaren supermerkatuak baino, gertuko dendak arras liluragarriagoak dira, zalantzarik gabe.