2022 ABEN. 05 KOLABORAZIOA Ikasleek oso gustuko dute Etika Garazi AIZPURUA Irakaslea Ez zait Etika gustatzen», esan zidaten 12 urteko hainbat ikaslek. Nerabeei (eta helduei) ez zaie ziurgabetasuna gustatzen, ez ikasgai bateko nota jokatzen ari direnean behintzat eta, nahiz eta filosofiak ziurtasunak (egiak) bilatu, bilaketaren ibilbidea ziurgabea da oso. Ziurgabetasunak noraeza eta ezinegona dakar gehienetan eta horiek, oro har, ez dira sentsazio atseginak inorentzat. Nahiago dugu lurzoru zurrun eta sendoa oinez zeharkatu, itsasoan balantzaka nabigatzen galduta dagoen itsasontzia izan baino. Alabaina, ez dugu ahantzi behar haurrak garenean ziurtasunik ezaren bidea ez zaigula hain desatsegina: haurrek gogoko dituzte fantasiazko ipuinak, kondairak, magia edo gertakari harrigarriak. Eguneroko arruntean bizi dutena ere ulergaitza egiten zaie askotan eta, horregatik, zergatiak eskatzen dituzte naturaltasun osoz: zergatik egiten dute hegan hegazkinek? Zergatik ez dira urperatzen itsasontziak? Zergatik ezin du hegan egin gizakiak? Zergatik joan behar dut eskolara?... Are gehiago, esan ohi da haurrak filosofo txikiak direla, filosofiaren oinarrizko jardunean aritzen direlako: galdetzen. Baina galdetzen dutenak gogaikarri hutsak dira; hori uste izaten da, eta egia da. Arrazoi horregatik, normalean galderek eta zalantzek konnotazio ezkorra dute; izan ere, galdetzen dugu zerbait ez dakigunean, eta ezjakintasuna ez da bertute bat. Haatik, nik zera diot: ez dago jakiterik galdetu gabe. Ezjakintasuna da jakinduriaren sorburua. Ezjakintasuna egoera ziurgabea da, bai, baina abenturara jauzi behar da jakin nahi bada! Haurrak, filosofoak bezala, oso gogaikarriak izan daitezke galderekin, eta horixe bera erakusten diegu: «Ez egin horrenbeste galdera!», «hau horrela da nik esaten dudalako, eta kito!» eta antzerakoak esaten dizkiegu, galderen katea moztu dadin. Haurrak apurka-apurka ziurtasunera ohitu ditugu nerabe (eta ondoren heldu) egiten diren arte. Dena egia absolutu bihurtu dugu, beraz, baita eskoletan dauzkaten ikasgaiak ere. Hori dela eta, ikasleek ez dute onartzen ziurtasunik ezik. Etikako irakasgaian “ariketa zuzendu” nahi dute, eta nik erantzuten diet ez dugula zuzenduko (nik ez baitiet esango zein pentsamendu dagoen zuzen eta zein oker), baina hitz egin, elkarbanatu eta argudio onenaren bila joango garela denok elkarrekin. A zer muturrak jartzen dizkidaten! Haiek dilema etiko baten inguruko eztabaidari amaiera ziur bat eman nahi diote, eta nik eztabaida zabalik utzi nahi dut, hor nonbait, beraien barruan bada ere, eztabaidan jarrai dezaten pixka bat gehiago. Lurzoru zurrunean ibilaldia egin nahi dugu, baina giza bizitza eta errealitatea ez dira hain sinpleak, eta harea mugikorretan ibiltzen ere ikasi behar dugu noizbehinka. Txikitatik naturaltasunez egiten dugun jardun filosofikoa denbora joan ahala itzali egiten dugu, erosoa ez delako, atsegina ez delako, nekagarria delako eta mingarria izan daitekeelako. Ikasleak haur filosofian ohituko bagenitu txiki-txikitatik, agian, Etikako ikasgaiak ez lituzke horren deseroso sentiaraziko. Kontraesankorra oso, orain filosofiako saioetan hortxe gabiltzalako haien interesa piztu nahian, pizgarria betidanik haien izaeraren parte izan denean. Ikasleek oso gustuko dituzte Etika eta filosofia; besterik gabe, ziurgabetasunaren sentsazioaren ohitura faltak nahasten ditu.