GARA Euskal Herriko egunkaria

Liburutegiak


Artean ikasle nintzela hasi zen pixkanaka zabaltzen berez esanahi handirik ez zuen toki batean liburu bat uzteko joera, norbaitek hartu, irakurri eta beste tokiren batean utziko zuen itxaropenarekin, beste pertsona batek prozesu osoa berriro martxan jarri arte. Liburu abandonatuaren mugimenduak izan zuen nolabaiteko sona, baina agertu bezala desagertu egin zen, zalapartarik eragin gabe. Ordutik urte batzuk igaro diren arren, gertaerak nigan nolabaiteko eragina izan zuen, duela hilabete batzuk auzotik buelta bat ematen ari nintzela harekin gogoratu bainintzen, auzokoek beren etxe aurrean txorientzako kaiola baten antza zuen egurrezko liburutegitxo bat ipini zutela ikusitakoan. Irakurriak zituzten liburuak sartu zituzten han, nahi zuenarentzat eskuragarri, eta ohar batean harturiko liburu bakoitza beste batekin ordezkatzera animatzen zituzten. Gerora konturatu nintzen beste auzo batzuetan ere antzeko liburutegitxoak zeudela, batzuk besteak baino apainagoak, baina funtsean helburu berarekin: ezezagunen artean denetariko liburuak zirkulatzea, edozein delarik lanaren generoa zein egilea.

Liburutegitxo horietako baten bidez heldu zitzaidan Louise Erdrichen “The Night Watchman” (Gaueko zaindaria, 2020) nobela, amerikar natiboentzako gobernu laguntzak eteteko lege proposamenaren kontra borrokatu zuen aitonaren bizipenetan oinarritua. Trukean Anne Enrighten “Actress” (Aktorea, 2020) utzi nuen, Hollywoodeko kutuna izan ostean lana topatzeko zailtasunak dituen adineko aktore irlandar bati buruzko nobela.