GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Durangoko Azokak pultsua berreskuratu du


Aurten murrizketarik gabe ospatu da berriro Durangoko Azoka. Hori adierazten du bisitari kopuruak eta zenbait jarduera berreskuratu izanak, hala nola ikasleen eguna. Durangok alderdi kultural eta ludikoa du, baina baita saihestu ezin den alderdi ekonomikoa ere. Azken honek garrantzi berezia du, Euskal Herria herrialde txikia delako eta euskal kulturak ez duelako multinazional handien babesik. Makina bat enpresa txikik osatzen dute sektorea, eta horientzat Durangon diskoak edo liburuak saltzeko abagune hau urteko erabakigarrienetako bat da. Ohiko giroa berreskuratzeaz gain, antolatzaileek adierazi dutenez, bisitari eta salmenta kopurua ere oso onak izan dira. Hortaz, atzean geratu dira pandemiako urte gogorrak. Edonola ere, bizi ditugun garaiak ere ez dira samurrak.

Durangoko Azoka alderdi ekonomikoa baino askoz gehiago da. Hasteko, euskal literaturaren eta musikagintzaren erakusleku nagusia da, euskara eta euskal kulturaren mesedetan erreferentzia nagusienetako bat. Gainera, ekoizpen artistikoa erakusteko gune erraldoia bilakatu da; iragarritako berritasunez gain, harribitxi eta sorpresa asko topa daitezke. Emanaldi eta proiekzio kopuru handiari esker, Azoka sekulako kultur ekitaldia da berez. Bestalde, Landako topagunea ere bada, sortzaileen eta publikoaren arteko harremanak sustatzeko lekua. Irakurleek, entzuleek eta, oro har, publikoak, batetik, eta egileek, bestetik, asko eskertzen dute iritziak eta gogoetak trukatzeko aukera zabal hori. Alde horretatik, Azokak sustatzen dituen alde anitzeko harreman horiek ahalbidetzen dute hausnarketarako gune bat izatea, euskal kultura eta ekoizpen artistikoa ardatz dituena.

Kultur esparrutik harago, Durangoko Azokan gaurkotasun handiko aldarrikapenak ere biltzen dira, batzuk euskara eta euskal kulturarekin lotutakoak, hala nola Hezkuntza Legeari buruzko eztabaida; beste batzuk, aldiz, euskal gizartearen babes zabala duten eskaerak dira; esate baterako, preso politikoen askatasuna. Azken finean, Durangoko Azoka herri txiki honen kulturaren eta Euskal Herriaren eraikuntzaren aldeko indar sozialen miniaturazko isla da.