GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

Malostek magia galdu du, IDK-k zuloan darrai

Gernikak ezin izan zuen Zaragozarekin. (A. CANELLADA | FOKU)

Parean Emakumeen Saskibaloi Ligako bi talderik indartsuenetakoak jaso zituzten IDK Gipuzkoak eta Gernikak, eta batek zein besteak esku hutsik amaitu zuten, hurrenez hurren Gironaren (53-68) eta Zaragozaren (59-63) aurka galduta. IDK taldeak seigarren partida galdu zuten jarraian ligan, eta Azu Muguruzaren nesken egoera larritzen ari da; baina bizkaitarrei ere ez zien graziarik egingo Malosteko gotorlekuan galtzeak.

Krisialdi betean, parean egokitu ziezaiokeen talderik gaitzenetako bat zen Spar Girona Ibaetako neskentzat. Arerioen mailaz harago, aitortu beharra dago Azu Muguruzaren neskak ere ez zutela euren mailarik onena eman. Perfekziotik gertu aritu beharra zuten garaipenerako aukerak izateko eta aukera urri horiek hasiera tamalgarri batean xahutu zituzten. Konturatzerako, donostiarrak 0-10 atzetik ziren markagailuan, eta Muguruzak hutsartekoak eskatuta ere erreakzio txikia izan zuten etxekoek (5-16). Yurena Diaz eta Maria Españak erasoan asmatuta, lehen laurdena zertxobait itxuratzea baino ez zuten lortu (20-25).

Hala ere, gutxi iraun zuen IDKko nesken erreakzioak, Rebekah Gardenerrek, berak bakarrik, 0-11ko beste partzial bat sartu baitzien (20-36). Iazko MVPak kantxaren bi aldeetan erabat menderatu zuen eta gipuzkoarren aukera urriekin amaitu zuen.

Gironarrek ez zieten defentsan inolako aukerarik eman Muguruzarenei, eta bigarren zati osoa sobera izan zen, Ibaetako neskek ez baitzuten garaipenagatik borrokatzeko aukerarik txikiena ere izan.

GERNIKA, GERTUAGO

Askoz orekatuagoak izan ziren gauzak Malosten, baina Lointek Gernikak ere ezin izan zuen garaipena erdietsi. Lehia estua espero zen, eta halaxe izan zen sailkapenaren goialdean dauden bi talderen artean. Anna Montañanarenek hirugarren laurdenean 10 puntuko aldea izan bazuten ere, azkenerako etxeko lehenbiziko porrota jaso zuten denboraldi honetan.

Espero bezala, Gernikaren eta Zaragozaren arteko lehia oso estua izan zen eta lehen bi laurdenetan puntu bakarreko aldea baino ez zen egon bi taldeen artean (29-30).

Aldageletatik bueltan, aragoiarrek behin eta berriro bilatu zuten Gatling, barrutik jokatzeko; eta, defentsan, zonan jarrita izan zituzten bizkaitarrek euren minuturik onenak. Kanpotik asmatu ezinda, erasoko errekurtsorik gabe geratu ziren Zaragozakoak eta hortxe lortu dute gernikarrek 10 tantoko aldea.

Unerik zailenean ondo heldu zioten partidari kanpokoek eta pixkanaka etxekoen artean zalantzak piztu zituzten, markagailuan aurrea hartu eta garaipena etxera eramateko.