GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Segurtasun juridikoaz


Iskanbila sortu da Espainiako Auzitegi Konstituzionalak herriaren ordezkaritza diren eztabaida- eta erabaki-guneei jarritako trabak direla eta. Jazotakoak erakutsi du eskumarentzat demokraziak soilik eurek gobernatzen dutenerako balio duela eta, hauteskundeetan galduta ere, prest daudela edozein baliabide erabiltzeko euren boterea iraunarazteko. Bestela, librea da non nahi, autoritarismoaz, diktaduraz edo estatu kolpeaz hitz egitea.

Gaur, Espainiako Senatuan aipatutako auzitegiak geldiarazi duen legedia-aldaketa gauzatu behar zenean, Kongresuan Trans Legearen onarpenerako azken urratsak eginen dira. Duela zenbait astera arte, berriz, gobernuburua den alderdi sozialistak berak segurtasun juridikoaren aitzakia baliatzen zuen legearen onarpena atzeratzeko. Horrela, epaileen esku utzi nahi zuten nerabe transen identitatearen inguruko erabakia. Trans Legearen atzean, baina, ez dago gako juridikorik, giza eskubideen defentsa baizik.

Gurean, aspaldi eta era askotan sentitu dugu segurtasun juridiko eza eta ondo gogoan ditugu Espainiako auzitegiek herriaren borondateari ezarritako trabak. Orain, beste askorentzat guretzat bezain nabarmena denaren aurrean, legeen berme juridikoak exijitzea bezain garrantzitsua da auzitegiak eta epaileak giza eskubideen zerbitzuan jartzea.