GARA Euskal Herriko egunkaria
EMAKUMEEN LIGA

IDK Euskotren euskal derbian berpiztu da

Uztaipean garbi nagusitu zen IDK Euskotren. (Jon URBE | FOKU)

Segidan sei porrot jaso eta gero Emakumeen Endesa Ligan, halakoren baten lortu zuen atzo bolada txarra etetea IDK Euskotrenek. Euskal derbia merezita irabazi du Azu Muguruzaren taldeak, ez bakarrik 69-61eko azken emaitzagatik bakarrik, baizik eta ia beti jokoaren ekimena eraman zuelako baino. Uztaipean nagusi eta Joy Adamsen bertsio on batekin, gauzak errazago izaten dira.

Lointek Gernika Bizkaiari dagokionez, Sandra Ygueravide kantxan antolatzaile ikusi genuen aspaldiko partez, baina aurreneko minutuetan kanpoko jokoak baino barrukoak izan zuen garrantzi handiagoa. Kadri Ann Lass galdu arren, Dembele eta Coulibaly nahikoa eta gehiago izan ziren gernikarren errebotean sekulako erasana eragiteko. Hala, arazoak arazo, donostiarrek 17-11 aurretik amaitu zuten lehendabiziko laurdena.

Bigarren laurdenari ekiteaz bat suspertu ziren bizkaitarrak. Bura, Roso Buch eta Meskonyteren bitartez 0-7ko partziala lortu zuen Lointek Gernika Bizkaiak, derbia hasi zenetik aurreneko abantaila eskuratuz, 17-18; nahikoa, Azu Muguruzak hutsartea eskatzeko.

Itziar Ariztimuño eta Ygueravideren bitartez 19-23 aurreratu zen Gernikako taldea. Alabaina, Dembele, Rodriguez eta Coulibaly elkartu zirenean errotik aldatu zen partida. Hala, atsedenaldi luzera Azu Muguruzarenak aurretik iritsi ziren, 27-25, 8-2eko partziala erdietsi ostean.

TALDEA ETA IZARRAK

Gezurra badirudi ere, azken laurdenera 42-43 aurretik iritsi zen Lointek Gernika Bizkaia. Izan ere, Roso Buchek sekulako bolada harrapatu zuen hirugarren laurdenean eta horrela erdietsi zuen Anna Montañanaren taldeak markagailuari buelta ematea.

Baina IDK Euskotrenek talde itxura sendoago eman zuen atzo. Joy Adams, Alima Dembele, Rodriguez eta Coulibalyk sekulako lana egin zuten eta 11 puntuko aldea ere atera zuten etxekoek azken laurdenean: 58-47. Behingoan, arnasa sakon hartu ahal izan zuten donostiarrek.