2022 ABEN. 23 AZKEN PUNTUA Urte kaxkarra Iker IBARLUZEA Meteorologoa Erregistroak daudenetik bigarren udarik beroena; iraupenagatik udarik beroena; aspaldiko urterik lehorrena; aspaldiko urterik beroena… Horrelako titularrak irakurri behar izan ditugu urte xelebre honetan, meteorologiari dagokionez, nahiz eta beste hainbat esparrutan ere halakoa izan den. Azken negua benetan kaxkarra izan zen. Prezipitazio aldetik urria, elur gutxi, hego-haize asko eta epeltasun handiegia. Ondoren, udaberriak ere ez zigun alderdirik onena erakutsi. Prezipitazio aldetik ez zen emankorra izan, mendietan elur askorik ez zuen utzi eta amaitzerako uda sasoiko tenperatura erreak utzi zituen. Uda amesgaizto bilakatu zen. Oso tenperatura altuak, gauak oso epelak… Baina okerrena iraupena izan zen: udaberri amaieratik udazkenaren lehen laurdeneraino luzatu zen. Horrek, noski, kalte handiak eragin zituen ekosisteman. Ur eskasiak akuiferoak hustu zituen, landare asko idortu ziren eta uzta askoren galera eragin zuen. Udazkena ari da gainerako urtaroek eragindako kaltea zer edo zer apaltzen, baina urtea oso lehorra izango da leku gehienetan eta batez besteko tenperatura oso goitik geratuko da. Neguak ez du ganora handiarekin hasteko itxura, hego-haizea nagusituko baita. 2023ak bestelako aurpegia erakutsiko ahal digu!