GARA Euskal Herriko egunkaria
ERREMONTEA

Faboritoaren zama bizkar gainean hartzeko prest agertu dira finalistak

Lau finalistak, material aukeraketan. (Maialen ANDRES | ORIAMENDI)

Finalen atarian normala izaten da alde batek bestearen bizkar gainean jartzea faborito izateak ekarri ohi duen zama. Alde horretatik, behintzat, ezberdina izango da larunbat honetan Galarretan jokatuko den Binakako erremonte txapelketakoa, ligaxkan onenak izan eta finalerako txartela zuzenean lortu zuten Iban Larrañagak eta Beñat Segurolak gustu handiz jarri baitiote faborito txartela euren buruei. Finalerdietan Ansa-Juanenea bezalako bikote bat kanpoan utzita, Ander Goikoetxeak eta Endika Barrenetxeak ere euren buruengan konfiantza ikaragarriarekin ekingo diote lehiari.

Atzo egin zuten final horretarako material aukeraketa. Segurolak eta Larrañagak irteera askorik ez duten pilotak apartatu zituzten, eta haien asmoa argia da, Barrenetxeak min egitea saihestea. Urdinek ere ez zuten zalantza handirik egin, eta material biziagoaren alde egin zuten, hein handi batean atzelari hernaniarrak sakearekin min egiteko.

Goikoetxearentzat egun oso garrantzitsua izango da larunbatekoa, bere lehen finala jokatuko baitu urnietarrak.