GARA Euskal Herriko egunkaria

Karranklak


Oraiko artzai txakurrak diatzen dra ‘txusmis’. Eta denbaz, otsoen kontra emateko bazren txakur andiak ta diaitzen zren mastinak, ta guziek ermaten zien lepoan xoraldi bat iltze anitzekin ta puntak kanpoko aldeala, ta diaitzen zren karranklak eta zren lepoan libratzeko otsoen presatik». Zoilo Moso-k (Otsagi, 1907-Iruñea, 1970) sorterriko bere Otsagiko euskaraz utzi zituen idatziak “Gaztaroko oroitzapenak eta kontuak”; beste idazleen idatziekin batera, zorionez, Aitor Aranaren edizioan bilduak (“Nafarroako euskalkiak. Zaraitzuera’’. Hiria Liburuak, 2004). Eta zorionekoa ni, horrelako pitxia eskuratu ahal izateagatik. Aspaldikoak diruditen arren, orain dela gutxi arte entzundako hitzak ditugu; euskara, Zaraitzuko biztanleen ohiko hizkuntza zenekoa. Eta imajinatzen dituzu kontatutako ipuinen doinua. Federiko Garraldaren kontakizunetan Juaña Mariren ahotan jartzen dituen Pipitakiak hizkuntza jostalaria ekartzen digute: «(…) Erran daztaxu zerbait Euskal Esnaleandako. -Nik? Kortako niok. Edan zak ardo txorta bat. -Ez tutala nai bertze gauzarik, baizik zomait pipitaki. -To arren pipitaki bat: Pipitaki papataki, nik baitakit gauza bat. Ama zango makur, alabara eder eta semea dantzari».

Horren gogoramena ez da nostalgia ariketa, euskararen aberastasunaren ezagutzaz ohartzea baizik. Eta gibelera baino aitzinera begiratu beharra, atzekoak erakusten baitu aurrekoa dantzatzen. Sorioneku eskuarekin batera, karranklak behar ditugu oraindik ere zintzurra babesteko. Euskara eztarritik libre irten dadin.