GARA Euskal Herriko egunkaria
KARAKORUM

Parapentea: mendilerro garaietan, etorkizuneko garraiobidea?

Martin Rebord, Mich Cervellin eta Christophe Tricou frantziarrek hilabete bat egin dute Karakorumeko Hunza haraneko zenbait mendi parapentearekin esploratzen eta eskiatzen. Alpinismoa praktikatzeko etorkizuneko garraiobidea izan daitekeela diote.


Normala denez, mendizaletasuna eboluzionatzen ari da. Batzuek diote zenbait arlotan okerreko bidea hartzen ari dela. Beste batzuek, aldiz, mezu baikorragoak helarazten dituzte. Atal horietako bat alpinismoan ikusten dugu. Oraindik ez dira asko, baina mendilerro garaietan jarduteko garraiobideei dagokienez, joera bat indarra hartzen ari da.

Parapentea tresna dute, eta hurbilketen bide deseroso eta arriskutsuak saihesteko, hegalak zabaldu, termikak hartu eta helburura abiatzen dira. Fabian Buhl eta Will Sim-ek, adibidez, hori egin zuten Gulmit Tower (5.810 m, Karakorum) eskalatu ahal izateko. Gainera, arrakasta izan zuten.

Joera horri eutsi dion beste talde baten berri izan dugu. Martin Rebord, Mich Cervellin eta Christophe Tricou frantziarrak dira protagonistak. Hauek ere Karakorumen izan dira, Hunza haraneko mendi batzuk parapentearekin esploratzen, eskiak oinetan zituztela.

Tricouren ustez, alpinismoa praktikatzeko etorkizuneko garraiobidea izan daiteke: «Mendilerro garaietara egiten diren espedizio batzuek helikopteroak erabiltzen dituzte kanpaleku nagusietara heltzeko. Ez dut uste alternatiba egokiena denik. Aire beroko korronte (termiko) horiek ondo menderatzen badituzu, parapentea benetako garraiobide bat bihur daiteke. Eta hori diot, denbora oso gutxian ezkutuko zein oinez iritsezinak diren lekuetara eramateko gaitasun itzela duelako».

Alpinista honek aipatu du lehen urratsak Mont Blanc mendilerroan egin zituela. Egun bateko jardunean, adibidez, parapentean gailur batzuetara hurbildu eta eskiekin bost jaitsiera egin zituen. Karakorumeko espedizioari dagokionez, hirukotea Hunza harana izan du geltoki. Hegan egiteko baimenak jaso bitartean, alpinistok 4.000 eta 5.000 metro artean hegaldi batzuk egin zituzten, batez ere girora egokitzeko: «Jeep-a alde batera utzi eta guretzat luxu ikaragarria izan zen Karimabad herrixkatik (2.300 m) irten, hegan egin, lur hartu, alderdi paregabeetan eskiatzea. Gauean hotelera lo egitera itzuli ginen berriro. Magikoa izan zen! Lady Finger eta Ultra Sar mendietako ingurumarietan hegan egin genuen. Beste egun batzuetan, berriz, bibak egiteko tresneria hartu eta zenbait egunetako irteerak egin genituen. Ultar Sar-eko oinarrian dagoen glaziarrean, hiru termikoetan, 5.000 eta 6.000 metro artean dauden korridoreetara heltzeko aukera izan genuen. Aldats politak eskiatzeko gai izan ginen, eta hamar kilometrora dagoen Karimabad-era arazorik gabe heldu ginen».

Karakorumek dituen baldintza bereziak ondo kudeatu behar izan zituzten, hegan egiteko ordutegien leihoak oso txikiak zirelako: «Klima oso aldakorra da, eta batzuetan eguerditik aurrera ezin duzu hegan egin. Martinek eta Michek nazioarteko lehietan parte hartzen dute, eta baieztatu zidaten inoiz ez dutela baldintza hain zorrotzik aurkitu. Onartu behar dut egun batzuetan arreta handiarekin jardun behar izan genuela».

DIRAN-EKO ESKARMENTUA

Jarduera horiek egin eta gero, Tricouk erabaki zuen espedizioarekin amaitzeko bakarkako irteera bat egitea: Diran (7.266 m). Tontorrean lur hartu eta, ondoren, zazpimilako hori eskiekin jaitsi nahi zuen.

Goiz irten zen haranetik. Arazorik gabe 6.900 metrora iritsi zen, baina han zeuden hodeiek blokeatu zuten. Aurrera jarraitzeko aukerarik ez zuenez, 5.000 metrora zegoen ertz batean atseden hartu zuen. Arratsaldean berrekin zion hegaldiari, baina akats bat egin zuen hartutako erabaki batean. Hots, Rakaposhiren (7.788 m) eta Diranen artean dagoen igarobidean sartzea. Ezin zuen altuera gehiago hartu: «Diraneko hegoaldeko isurian lur hartu nuen; 5.500 metrora. Pasabide horretara oinez joan nahi nuen, baina bizkar-zorro astuna neraman eta, azkenean, elurrean topatutako zulo batean amaitu nuen eguna».

Bibaka egiteko tresneria ez zuenez, gaua ez zen batere erosoa izan. Horrez gain, eguneko irteera zenez, jatekorik ere ez zuen. Parapentearen olanarekin bildu eta egunsentiaren zain ordu batzuk egin zituen. Biharamunean, kideekin hartu-emanetan jartzen saiatu zen. Ezinezkoa izan zen. Gainera, botatako elurrak 40 zentimetro pilatu zituen: «Elur sakonean igarobidera abitu nintzen: egundoko lana egin behar izan nuen! Haranaren beste isurian, berriz, elur gogorra aurkitu nuen. Ez zuen haizerik egiten. Eskiak jarri, metro batzuk egin eta hegan egiten hasi nintzen. Bat-batean, goizeko zazpietan, neure burua atzera egiten ikusi nuen. Shisparetik iritsitako mendi-brisa zen arazo hori sortu zuena. Badirudi egoera hori ezin dela gertatu, baina Pakistanen nengoen! Azkenean, herrixkan dagoen ikastetxean lur hartu nuen. Ikasleek eta irakasleek harrera beroa egin zidaten. Egun oso bat eskiko botekin ibili ondoren, hauek kendu eta egundoko lasaitua hartu nuen».