GARA Euskal Herriko egunkaria
Elkarrizketa
Gontzal eta Ibon Bilbao «Topo», eta Gorka Melero
Ama Say taldeko kideak

«Estudioa toki magikoa da, buruz irekita joaten garelako»

90etako hamarkadan estilo berri batekin agertu zen eszenan Ama Say talde bizkaitarra. Birritan geratu ostean, taldeak 20 urte betetzen dituenean, bueltan dira disko berriarekin: “Ero Bomb”. Durangoko Azoka garaian elkartu ginen haiekin eta azken lanari buruzkoak kontatu zizkiguten.

(AMA SAY)

Boskotean osatutako diskoa argitaratu berri du Ama Say taldeak Bonberenea Ekintzak zigiluarekin. Gontzal eta Ibon Bilbao anaiez gainera, Mikel Gonzalez, Gorka Melero eta Karlos Osinaga “Txap” dira egungo kideak. Bost kantuz osatutako lan laburra atera dute, eta gogotsu daude zuzenean aurkezteko.

Ibilbide luzeko musikariak zarete. Nolakoa izan da bi pausa egitea ibilbidean, hasiera frenetiko haren ostean?

Ibon Bilbao “Topo”: Taldea hasieratik da berezia, sorreratik bizi nintzelako Bartzelonan. Horrek asko baldintzatu zuen. Lehen diskoak atera ostean, Bartzelonara itzuli nintzen eta han geratu ginen halabeharrez. Bigarren diskoa egiterakoan Ortuellan, liburutegi bat eraikitzen, arkitekto lanak egin nituelako aprobetxatu genuen. Oraingoan, Bonberenearen 25. urteurrena dela-eta sortu da aukera hau. Horrela gabiltza, sartu-irtenean, musikaren mundu honetan.

Gorka, zuk taldean sartzean flipatu egingo zenuen, ezta?
Gorka Melero:

Ni “Ren Fan” kaleratu aurretik sartu nintzen. Sekulako ohorea izan zen, umetan ezagutu nuen taldea izan zelako.

30 urte hauetan «noise» musika izan da protagonista zuen sorkuntzan. Orain, ordea, diskoa irekitzen duen kantuaren tituluak ematen du atentzioa.
G.B.:

“Matria” Patriaren kontra doa. Mundua gizonen kontu bat dela pentsatu izan dugu beti, baina zorionez gaur egun ez dugu horrela ikusten; dena zabaltzen ari da eta dena eraldatzen ari da. Hori da abestian iradoki nahi izan duguna.

Musika estiloaz gainera, hizkuntzen nahasketa izan da zuen zigilua, euskara eta ingelesa nahastu zenituztelako hasiera haietan. Orduan arraroa zena egun naturala da
G.B.:
Denboraren poderioz zerbait oso naturala izan da eta horregatik geratu da gurean. Baina hasiera haietan berezia zen; ingelesaren eta euskararen fonetikarekin jolasten genuen, eta gustukoa dugun zerbait da.
I.B.:

Hirugarren hizkuntza bat ere sartu dugu orain, katalana. Ni katalanez bizi naiz, Bartzelonan. Eta nire errealitatea katalanez sortzen denez, disko honetan naturaltasun osoz txertatu dugu.

Estudiotik pasatu aurretik zenbat denbora eskaini diozue EP honi?
G.M.:

Hemen pisu handiena Toporena da. Berak ekarri zituen ideia nagusiak, eta estudiora joan aurretik epe bat jarri genuen entsegu batzuk egiteko. Pare bat astez edo aritu ginen, intentsitate handiz.

I.B.:

Zazpi entsegu baino ez ditugu egin diskoa prestatzeko.

G.B.:

Beti horrelakoak izan gara, elur-jausi baten moduan funtzionatu izan dugu. Intentsitate handiko garaiak izaten dira diskoa egiten gabiltzanekoak.

Entsegu onenak zuzenekoak direla esaten da.
I.B.:

Baina lehenengo kontzertua oso berezia izaten da. Eta batez ere oraingoa, Bonberenean bertan izango delako.

Karlos Osinaga «Txap» batu zaizue taldera. Zuek haren erreferenteak izango zineten, baina zuek nola ikusten duzue bera?
I.B.:

Erreferente bat bezala. Gauzak alderantziz dira orain. Opari bat bezala hartu dugu, gurekin grabatzen eta jotzen egotea, sekulako oparia delako. Lisabö taldea erreferente bat da guretzat.

G.B.:

Lagun bat da, eta lagunarteko gauza bat bezala ulertu behar da hau. Horregatik sortzen dira gauza sakon hauek, ondo eginda daudenak eta disfrutatzen gabiltzanak. Emaitzan nabaritzen da gure arteko harremana.

I.B.:

Grabaketa garaia garrantzitsua izan zen, egun asko igaro genituen Bonberenean lanean. Dena lasai-lasai egin genuen, moldaketa bereziak eginez, eta abar.

Gitarrak grabatzen ondo pasa duzue, ezta?
G.M.:

Txapekin, eta Bonberenean gainera, magia egiten da.

G.B.:

Guretzat estudioa beti toki magikoa da, buruz oso irekita joaten garelako eta han esperimentatzea maite dugulako.

Meatzaldekoak zaretela nabarmendu duzue zuen sareko mezuetan. Hala ere, kritiko samar agertu zarete.
G.B.:

Meatzaldea asko daude, ez gurea soilik. Gizartearen kontua da, eta horregatik idatzi dugu testu hori. Gure tokia Meatzaldea da, ama han bizi da, ni ere bai, baina gainerakoak ez. Hala ere, horrelako egoerak Durangon, Goierrin eta auskalo non ere izaten dira. Globalizazioak dena berdindu du, zorionez edo zoritxarrez.

I.B.:

Euskadiko trastelekua da Meatzaldea. Askotan hitz egiten da Ezkerraldeaz, baina Meatzaldea ez du inork ezagutzen eta dramatikoagoa da hango egoera.