GARA Euskal Herriko egunkaria

Ahaikatzaileak


Gerra kazetariak ez direla hezur-haragizkoak, botere ezkutu bat dutela eta besteok ez dugun adoretik ttipidanik edan dutela. Hala sinetsita egon naiz urte luzeetan. Anitzen eginahalak arriskuaren beldurrei zirkinik eskaini gabe jarraitzen baitu egunerokotasunean, besteen gerraren erdian ikusle arduratsu modura jokatuz, zurea ez den zauri bat zaintzen egotea bailitzan. Beharrik, halere, guk ikusten ez duguna ikusten duten haiek, sarraskiak ez daitezen ikusezin bilaka.

Langintza horretan ibili zen Pablo Gonzalez Yague Donbassen, eta iazko otsailetik, Kremlinaren espioia izatea egotzita, preso daukate Polonian. Krudela, berari gertatzen ari zaiona. Eta ze zaila den eraginkorra izango den zerbait sortzea bere alde. Sentsazioa dut, bestalde, halako kazetari bati gertatzen zaion edozein ezbeharrek hunkigarritasunik ez duela ia, hau da, harentzat errukirik nahiz gupidarik ez balego gisa. «Aski zuen ez joatea», ahapeka errana.

Afganistango gerraren erdian sortu zuten Riverboom kolektiboa, kazetari, argazkilari eta idazle zenbaitek. Pandemia garaian jakin nuen haien berri, muxuen argazki sail bat argitaratu baitzuten. Aitzindariak, ahaikatzaileak izan dira 20 urtez, Suitzako berek faktoriatik, betiere gerretatik urrun bakearen alde eginez. Orain amaitu dela iragarri dute, bertan behera uzten dutela ekimena. «La vie est meilleure quand vous êtes stupides», erraten zuten, eta estupidoei eskuragarriago utzi diete mundua orain.