GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Baikoko lau bikoteek material hautaketa egin dute larunbaterako

Mariezkurrena, Tolosan jokatutako azken partidan. (G. RUBIO | FOKU)

Baikoko lau bikoteek atzo egin zuten larunbateko partidarako material hautaketa. Buñuelen egon ziren Urrutikoetxea-Albisu eta Peña II-Mariezkurrena II, eta Iruñean Laso-Imaz eta Jaka-Aranguren. Material aukeraketaren inguruan, Albisuk esan zuen Peñak eta Mariezkurrenak hautatutako pilotak eurenak baino «biziagoak» direla. Peñak, bere aldetik, azpimarratu zuen lurra oso berezia duen frontoi batean lehiatuko direla. Tolosarraren ondoan, Mariezkurrena itzuliko da txapelketara, min hartuta egon ondotik. Iruñean, larunbateko partidari begira, Arangurenek esan zuen hark eta Jakak ez dutela «maila txarra» eman aurreneko itzulian, baina gora egiteko irabazten hasi behar dutela. Jaka eta Arangurenekin alderatuta, oso bestelakoa da Laso-Imaz bikotearen aldartea, eta hala berretsi zuen aurrelariak: «Sentsazio onekin gaude, bereziki azken bi partiden ondotik. Gure maila eman dugu, eta konfiantza hartzeko balio izan digu. Larunbatean norgehiagoka gogorra izango da, eta ea aurrera ateratzeko kapaz garen».

Bihar hasiko da Binakako Txapelketako bigarren itzulia.